Zuzendaria: Ruben Östlund. Gidoia: Ruben Östlund. Aktoreak: Harris Dickinson, Charlbi Dean, Zlatko Buric, Woody Harrelson, Dolly De Leon, Vicki Berlin. Suedia, 2022.

Istorioa: Carl eta Yaya modelo eta influencer bikotea luxuzko itsas bidaia batera gonbidatu dute. Aberatsez betetako yatean, bidaiarien eskaera, apeta eta xelebrekeria orori erantzuten saiatuko dira eskifaia kideak, kapitain mozkortiak bere kamarotetik irteteari uko egiten dion bitartean. Ekaitz batek, ordea, hankaz gora jarriko du bidaia.


Sariak: Arrakastaren aparretan dabil Östlunden filma. Iaz, pelikula onenaren Urrezko Palma irabazi zuen Canneseko Zinemaldian (2017an ere irabazi zuen, The Square lanarekin), beste zenbait sari ere eskuratu ditu, eta aurtengo Oscar sarietan atal nagusietan dago izendatua. Aurkezpen ona denik ezin ukatu.


Onena: Aurkezpen erakargarria, dudarik gabe, are gehiago filmaren nondik norakoak ezagutuz gero: aberatsen eta dirua guztiaren gainetik jartzen duen jendartearen satira egin du Östlundek, umore beltza baliatuta. Izan ere, aberats jendearen (ala jendilajearen?) bizkar barre egitea osasungarri, beharrezko eta txalogarria dela inork gutxik jarriko du zalantzan, ezta? Abiapuntu ona, une gozagarriak eskaintzen dituena, baita eskatologia tartean sartzen denean ere.


Txarrena: Une on eta dibertigarriak bai, baina tarteka besterik ez berez luzea den pelikulan. Zuzendaria ez da meheki iruten aritu bere mezua gauzatzeko; probokazio basati eta desatseginaren bidea erabili du bere kritikak botatzeko, sotiltasun izpirik gabe. Helburua lortzeko balio dio, baina izango da ongi digerituko ez duenik, ziur.

Eñaut Mitxelena

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.