Zuzendaria: Kitty Green. Gidoia: Kitty Green, Oscar Redding. Aktoreak: Julia Garner, Jessica Henwick, Hugo Weaving, Toby Wallace, Daniel Henshall, James Frecheville. Australia, 2023.
Istorioa: Kanadako bi neska gazte, Hannah eta Liv, oporretan dabiltza Australian, motxilero. Sosik gabe geratu eta, dirua lortzeko, The Royal Hotel izeneko tabernan hasiko dira lanean, Australiako barnealdeko meatzari herri bakartu batean. Han, gizonez jositako eta alkoholak blaitutako ingurune bortitza topatuko dute, matxismoz eta maskulinitate toxikoz betea.
Zuzendaria: The Assistant-en (2019) ondoren, bigarren film luzea du Greenek. Bietan ere gai bera jorratu du: gizonen jarrera sexistak. Lehenengoan, Harvey Weinstein zinema ekoizlearen kasuan oinarritu zen, eta oraingoa ere lan esparruan kokatu arren, guztiz ezberdina da estiloari dagokionez. Gainera, film hau emakumeen ahalduntzeari buruzkoa da, zuzendariak berak aipatu izan duenez. Iazko Donostiako Zinemaldian parte hartu zuen lanak, Sail Ofizialean, eta, RTVE – Beste Begirada saria irabazi arren, aparteko distirarik gabe igaro zen lehiaketatik.
Onena: Begiradak, jarrerak, esanak... emakumeek jasaten duten indarkeria jasotzen du lanak, filmean oso testuinguru zehatza den hori edozein leku izan daitekeela erakutsiz. Sexismoz eta matxismoz betetako inguruneko tentsioa ongi jasotzen du, baita giro itogarri eta erasokor horretan bi neskek bizi duten beldurra ere. Julia Garnerren (Hannah) lana, nabarmentzekoa.
Txarrena: Giroa, tentsioa... bai, baina ezer gutxi gehiago ñabardurarik ez duen eta nahiko erraz aurreikus daitekeen istorioan. Aktoreei dagokienez ere, alde handia: Garnerrek itzalean uzten du Henwick (Liv), erabat.