Zuzendaria: Darren Aronofsky. Gidoia: Charlie Huston. Aktoreak: Austin Butler, Regina King, Matt Smith, Zoë Kravitz, Liev Schreiber, Vincent D’Onofrio. AEB, 2025.
Istorioa: New York, 90eko hamarraldia. Gaztetan, Hank Thompson beisbol jokalari aparta zen, baina ezin izan zuen jokatzen jarraitu eta, egun, hiriko taberna zulo1 batean egiten du lan. Egun batean, Russ bizilagun punkiak bere katua zaintzeko eskatuko dio, egun batzuk kanpoan emango dituelako. Bada, une horretatik aurrera, jite2 askotako gaizkileen jazarpena3 jasango du: Hankek zerbait ematea nahi dute, baina hark ez daki ez zer ez zergatik.
Zuzendaria: Denetariko lanak zuzendu ditu Aronofskyk bere ibilbidean: kritikak goraipatutako lan nabarmenak (Requiem for a Dream, The Wrestler, Black Swan, The Whale...) eta lan eskasagoak (Noah, Mother!...); batzuk sakonagoak, beste batzuk azalekoagoak. Oraingo honetan, ez da sakontasun ilun eta itogarrietan murgildu eta ikuslea dibertitzeko film komertzial arina egin du.
Onena: Denbora-pasa bizia da, thrillerra eta komedia beltza uztartzen dituena. Indarkeria ugari, musikaz lagundutako erritmo eroa, umore lotsagabe eta ganberroa, asmo bihurri eta zirikatzaileak4... osagai horiek guztiak izango ditugu bidelagun film osoan.
Txarrena: Ezaugarri horiekin, une atsegin eta dibertigarria ziurtatua dugula pentsa dezakegu. Eta neurri batean halaxe da, baina ez guztiz: bere zorotasunean, korapilatzearen5 korapilatzeaz, amaierara heltzerako akituta6 utziko gaitu. Ez arnasa hartzeko astirik ere ematen ez duelako, baizik eta kontakizuna bera agortu den sentipena eragiten duelako.
Eñaut Mitxelena
1. Taberna zulo: taberna txiki eta ilun.
2. Jite: izaera, izateko modu.
3. Jazarpen: acoso (es), harcèlement (fr).
4. Zirikatzaile: probokatzaile.
5. Korapilatu: enredar(se) (es), (s')embrouiller (fr).
6. Akitu: agotar(se) (es), (se) fatiguer (fr).

 
															 
      
      
    