Zuzendaria: Ali Abbasi. Gidoia: Gabriel Sherman. Aktoreak: Sebastian Stan, Jeremy Strong, Maria Bakalova, Martin Donovan, Catherine McNally. Kanada - Danimarka – Irlanda, 2024.
ISTORIOA: New York, 70eko hamarkada. Donald Trump enpresari gazteak, hiriko familia aberats bateko semeak, irrika bizia du hiriko eta herrialdeko handikien artean tokia egiteko. Bide horretan, Roy Cohn abokatu gupidagabearen babesa jasoko du. Hark lagunduko du egun ezagutzen dugun Trump eraikitzen, gazteak bere desira betetzeko beharrezko osagai guztiak baititu: handinahi neurrigabea, arrakasta gose aseezina eta irabazteko edozer egiteko asmo sendoa.
TRUMP: AEBetako presidentetzarako hauteskundeak ate-joka (edo eginak, hau irakurtzen duzun egunaren arabera), une ezin hobean iritsi da pantaila handira Abbasiren filma: mundu osoan eragina duten hauteskundeak izaki, amu paregabea da jendea erakartzeko; are gehiago Trump moduko pertsonaia duenean protagonista.
ONENA: Musikari, irudiari eta girotzeari esker, oso ongi irudikatzen du 70eko eta 80ko hamarkadetako New York. Erritmo biziz eta modu entretenigarrian erakusten dizkigu botere ekonomikoaren eta politikoaren arteko lotura askotan kirasdunak, baita mundu horretan nola egiten duen gorantz bereziki bere buruargitasunagatik nabarmentzen ez den Trump gazteak. Igoera horretan, ezinbestekoa izango du Roy Cohn abokatuaren laguntza, hark erakutsiko baitizkio gaur egun dagoen tokira iristeko egin beharreko guztiak, ez direnak, preseski, altruismoz betetako portaera eta bideak. Alde horretatik, batere eskrupulurik gabeko Cohn zitalaren erretratua arras interesgarria da.
TXARRENA: Cohn bigarren mailan geratzen den unean, filmak indarra galtzen du, neurri batean.
Eñaut Mitxelena