Zuzendaria: François Ozon. Gidoia: François Ozon, Philippe Piazzo. Aktoreak: Hélène Vincent, Josiane Balasko, Pierre Lottin, Garlan Erlos, Ludivine Sagnier. Frantzia, 2024.

Istorioa: Michelle adineko emakumea Borgoinako (Frantzia) herri txiki batean bizi da, erretiroa hartuta lasai-lasai. Haren lagun mina ere, Marie-Claude, herri berean bizi da. Santu Guztien Egunean, Valérie alaba etorriko zaio Michelleri, eskola oporrak direla eta Lucas biloba astebetez amonarekin uzteko asmoz. Haatik, ezer ez da uste bezala gertatuko.

Zuzendaria: Frantziako zuzendaririk ezagunenetakoa da Ozon, eta gure ingurunean zer esanik ez. Izan ere, sei aldiz hartu du parte Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean; azkenekoz, iaz, hizpide dugun lan honekin. Ez zuen Urrezko Maskorra irabazi, 2012an ez bezala, baina bai bi sari: taldeko aktorerik onenarena Pierre Lottinekin eta gidoi onenarena.

Onena: Ibilbide oparoa du Ozonek, askotariko filmak eginda, eta ikuslearentzat apustu ziurra izan ohi dira haren pelikulak. Oraingoan ere bai. Tonu pausatuan, hainbat hari mutur josten ditu pixkanaka, protagonisten bizitzan eta iraganean sakondu ahala. Basoan perretxiko bila zokomiran patxadaz gabiltzanean bezala, orbel artetik hasiko zaizkigu bata bestearen atzetik ale interesgarriak agertzen. Hasieran bakanak, baina ondoren gero eta ugari eta mamitsuagoak, sorta ederra osatu arte. Hala, aktoreen lan ona lagun, gai arrunt interesgarriz beteko digu saskia Ozonek: adinekoen bakardadea, familia harremanak, pertsonok bigarren aukera izateko dugun eskubidea, aurreiritzien zama... Umore eta intriga ukituarekin, gizatasunez eta samurtasunez, baina gai deserosoei iskin egin gabe. Hori bai, onddoaren zapore sendoa baino, gibelurdinaren zapore fina utziko digute ahoan Ozonen udazkeneko loreok.

Eñaut Mitxelena


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.