Zuzendaria: Anders Thomas Jensen. Gidoia: Nikolaj Arcel eta  Anders Thomas Jensen. Aktoreak: Mads Mikkelsen, Andrea Heick Gadeberg, Nikolaj Lie Kaas, Lars Brygmann Nicolas Bro. Danimarka, 2020.

Istorioa:  Atzerrian misio batean dela, Markus militarrak (Mads Mikkelsen) etxera itzuli beharko du: tren istripua izan dute emazteak eta Mathilde alabak, eta emaztea hil egin da. Istripua izan delakoan dira, harik eta Otto matematiketan aditua eta haren bi lagun berezi agertzen zaizkion arte. Otto ere trenean zen, eta ziur da ez zela istripua izan. Hala, mendekuaren bideari helduko diote Markusek, Ottok eta honen bi lagunek.

Onena: Thrillerra, drama, komedia... denak nahasten ditu filmak. Hainbat genero ez ezik, gai ugari ere jorratzen ditu. Bizitzaren zentzua edota zentzurik eza, kulpa, galera, mendekua... eta guztia, baita konturik zail eta ilunenak ere, umore beltzez zipriztinduta. Nahasketa bai, baina nahasmendurik ez. Protagonista xelebreen ibiliek, nor bere arazo eta gabeziekin, hasieratik bukaerara harrapatuko gaituzte. Bala hots, elkarrizketa xelebre eta bizipen mingarrien artean korapilatuko da istorioa, baina mordoilorik sortu gabe. Alderantziz, korapiloak askatuz joango dira, istripuak protagonistengan eragindako edota azalerazitako zauriak sendatzen diren heinean. Hori bai, umore beltzak filmaren alde ilunak argituta ere, eta protagonistei samurtasunez begiratzea ia saihetsezina izanda ere, deseroso sentiarazten du filmak ia une oro.

Txarrena: Errepikakorra izango naizela Mikkelsenen lana goraipatuz gero. Egiari zor, aktore talde osoa nabarmendu behar da. Are gehiago, Lie Kaas, Brygmann eta Bro-ren lanak ez ote du Mikkelsenena apur bat itzalean uzten...

Eñaut Mitxelena


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.