Zuzendaria: Tim Fehlbaum. Gidoia: Moritz Binder, Tim Fehlbaum, Alex David. Aktoreak: John Magaro, Peter Sarsgaard, Ben Chaplin, Leonie Benesch, Zinedine Soualem. Alemania, 2024.
Istorioa: Municheko sarraskia du oinarri filmak. 1972ko Municheko (Alemania) Olinpiar Jokoetan, irailaren 5ean, Irail Beltza izeneko talde armatu palestinarrak Israelgo selekzioko hamaika atleta bahitu eta hil zituen. Trukean, hainbat preso palestinar askatzeko eskatu zuten bahitzaileek, baina ez zen halakorik gertatu eta bahiketa hilketarekin amaitu zen. AEBetako ABC telebista kateko kirol saileko kazetari eta langileak Olinpiar Jokoak zuzenean eskaintzen ari direnez, gertakariaren zuzeneko jarraipena egin beharko dute.
Sariak: Hainbat saritarako hautagaia da, edo izan da. Esaterako, jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria jaso dezake.
Onena: Municheko sarraskia kazetaritzaren ikuspuntutik erakusten du, ACB kateko kazetari eta teknikarien lanari erabat erreparatuta. Zuzenean eskaini ziren lehen Olinpiar Jokoak izan zirela kontuan hartuta, albisteari heltzeko eta hura kontatzeko lan, buruhauste eta joan-etorrien segida frenetikoa ongi jasotzen du. Telebista estudiotik atera gabe kasik, uneko tentsioa ederki suma daiteke filmeko irudi eta elkarrizketen erritmoari esker, eta ia nostalgia ariketa dirudien girotzea lagun (besteak beste, mundu analogikoa bete-betean ikusiko dugu).
Txarrena: Erritmoa, intriga eta tentsioa, ikuslearen arreta osoari eusteko adina, baina gorabeherekin. Bestalde, kazetaritza ardatz izanda, hedabideen inguruan sortzen diren hainbat gai korapilatsu ere erakusten ditu, ezinbestean, filmak: informazioaren benetakotasuna, terminologia, azken orduko berria zabaltzea etikaren aurretik jartzea... Kontu interesgarriak, baina ez direnak sakonegi jorratzen, egoerak eta kontatzeko moduak ere hala eskatzen dutelako.
Eñaut Mitxelena