Zuzendaria: Paul Urkijo Alijo. Aktoreak: Edurne Azkarate, Eneko Sagardoy, Itziar Ituño, Kepa Errasti, Nagore Aranburu, Ramon Agirre. Euskal Herria, 2022.

Istorioa: VIII. mendea. Kristautasuna Europan hedatu ahala, sinesmen paganoak desagertzen ari dira. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armadak Pirinioak zeharkatuko ditu. Ibarreko buruzagiak laguntza eskatuko dio Mari jainkosari. Odolezko ituna eginda eta trukean bizitza emanda, Karlomagnoren armada garaituko du. Hil aurretik, Eneko semeari bere herria gidatu eta babestuko duela zin eginaraziko dio.

Sariak: Mordoxka jaso du. Eta esanguratsuagoa dena: lau jaialditan parte hartu eta lauretan publikoaren saria jaso du. Kritika onak eta ikusleen aldetik harrera bikaina. Pentsa: estreinatu eta hiru astera, historiako euskarazko filmik ikusiena bihurtu zen.

Onena: Ezpatak eta fantasia, epika eta magia, euskal sustraietatik eta euskaraz. Mundu fantastikoak ikusleongana ekartzen iaioa da Urkijo, eta euskal mitologiari dion maitasuna kontakizun erakargarri bihurtzen aztia. Izaki magikoak, borrokak, maitasuna, natura... osagai guztiak ederki josiak, efektu berezi txukun, aktoreen lan on eta paisaia ikusgarriekin. Nabarmendu behar da, gainera, VIII. mendeko euskara irudikatzeko egin duten lana. Film gozagarria.

Txarrena: Euskarazko sorkuntzak hain bakanki ikusi beharra. Eta antzuak izan nahiko ez luketen aldarriekin jarraituta, filmean dioten moduan, “izena duena bada”, zinema aretoetan isilik egoteko gai ez diren horiek guztiek ere badute izena: lotsagabe eta errespetugabe alaenak! Mari jainkosak berekin eramango ahal ditu!

Eñaut Mitxelena



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.