Zuzendaria: Oliver Laxe. Gidoia: Oliver Laxe eta Santiago Fillol. Aktoreak: Sergi López, Bruno Núñez, Jade Oukid, Stefania Gadda, Tonin Janvier, Joshua Liam Herderson, Richard Bellamy. Espainia-Frantzia, 2025.
Istorioa: Marokon, Luis eta Esteban aita-semeak rave batera iritsi dira Mar alaba eta arrebaren bila, duela zenbait hilabete halako festa batean desagertu baitzen. Baina ez dute topatuko. Beraz, aita-semeak hegoalderantz abiatuko dira festan ezagututako pertsona batzuekin batera, basamortuan beste rave bat egingo dutela eta Mar bertan aurkituko dutelakoan.
Sariak: Filma Cannesko Sail Ofizialean lehiatu zen, eta epaimahaiaren saria jaso zuen. Zinema aretoetako ibilian ere ikusle kopuru polita biltzen ari da.
Onena: Drama, road movie-a, western zantzuak1... generoak nahasita, filmak hasiera-hasieratik bereganatzen du ikuslea. Marren bila basamortuan abiatutako bidaian, beste bidaiari bat gehiago bilakatuko gara ia, ezohiko eta, are gehiago, bazterreko giza taldearen parte. Bidaia espiritual bezain fisikoa, giza arimaren zokoetan barneratzen gaituen bezala hautsez betetako gorputz izerdituak gure azalean sentiarazten dizkiguna, gordin, samur2 eta bortitza3. Giza paisaia ingurune fisiko izugarrian, musika bera ere kasik protagonista izanik. Musika lagun, gorputz eta arima sentituko ditugu giza eta natur parajeek eragindako sentipenak. Bisualki ikusgarria, ez da inor epel4 uzten duen filma, dudarik gabe. Erakargarria, baita mingarria ere.
Txarrena: Estetikoki eta sentsorialki indartsua dela ezin uka. Filmak kontatu nahi duenari buruz, aldiz, oso iritzi kontrajarriak irakur daitezke han-hemenka: askatasunaren aldarrikapena5 dela, sistemaren kontrako filma, mezu erreakzionarioa duela... Norberak atera ditzala ondorioak.
Eñaut Mitxelena
1. Zantzu: aire (es), air (fr).
2. Samur: tierno, -a (es), tendre (fr).
3. Bortitz: violento, -a (es), violent, -e (fr).
4. Epel: iritzirik gabe, ez hotz ez bero.
5. Aldarrikapen: reivindicación (es), revendication (fr).