Zuzendaria: Fernando León de Aranoa. Gidoia: Fernando León de Aranoa. Aktoreak: Javier Bardem, Manolo Solo, Almudena Amor, Oscar de la Fuente. Espainia, 2021.
Istorioa: Julio Blanco Básculas Blanco enpresaren nagusia da. “Patroia”. Tokiko gobernuak ematen duen enpresa bikaintasun saria jasotzeko hautagaia da. Bere fabrikan, dena ongi egotea nahi du, sariketako batzorde batek bisita egingo duelako edozein egunetan.
Zuzendaria: Aranoak aspaldian itzali antzean zuen dirdira berreskuratu duela dirudi lan-munduari buruzko satira honekin; poztekoa da. Filmak ezinbestean dakar gogora zuzendariaren Los lunes al sol (2002) aparta, non Bardemek industria birmoldaketak lanik gabe utzitako Santa langilearen rola jokatu zuen. Pelikula haren ifrentzutzat har daitekeen honetan ere, Bardem da protagonista, Blanco enpresaria, hain zuzen. Lehen lan haietako Aranoa suma daiteke oraingoan; beharbada, are ironiko, zital eta garratzagoa.
Onena: Filmak ataka gaiztoan ipintzen du une oro ikuslea. Kontakizunean aurrera arin, askotan barrea bidelagun, baina irribarre edota algara bakoitzari muturreko mingotsa gehituz jarraian. Enpresariak begirada zorrotz eta bihurriz erretratatu bai, baina lan munduko parte diren gainerakoekin epelkeriatan ibili gabe. Hala, ispilu aurrean jartzen gaitu Aranoak, mikatz eta gupidagabe, eta, aldi berean, bere beste lanetan baino dibertigarriago.
Txarrena: Bardemen lana izugarria da; funtsezkoa du filmak, eta, alde horretatik, bainarik gutxi. Nolanahi ere, Blancoren etengabeko presentziak erabat itzalpean uzten ditu gainerako pertsonaiak, nahiz eta haietako askok joko handiagoa eman zezaketen.