Zuzendaria: Rose Glass. Gidoia: Rose Glass, Weronika Tofilska. Aktoreak: Kristen Stewart, Katy O’Brian, Ed Harris, Jena Malone, Dave Franco. Erresuma Batua – AEB, 2024.
Istorioa: AEBak, 1989. Jackie, kulturista moduan arrakasta lortu nahi duela eta, Las Vegasera abiatuko da lehiaketa batean parte hartzeko. Bidean, herri txiki bateko gimnasioko langile Lou ezagutuko du. Elkarrekin maitemindu, eta bi emakumeen artean harremana sortuko da. Bien bitartean, Louren familian makina bat arazo sortuko da, eta espero gabeko ondorio odoltsuak izango dituzte.
Zuzendaria: Saint Maud (2019) beldurrezko filmaren ostean, bigarren lan luzea du hau Glassek. Zinema aretoetan estreinatu aurretik, Berlingo zinemaldian eta Sundancen aurkeztu zuten, eta bietan izan zuen harrera ona. Bada kultuko filma izateko bidean dela dioenik ere.
Onena: Maitasuna, indarkeria, odola, sexua, suzko armak, izerdia, autoak, gimnasioetako eta AEB sakoneko fauna, eta anabolizatzaileak. Osagaiak ez ezik, hainbat genero ere nahasten dituen eltzea da filma: mendekuari buruzko thrillerra, familia drama, zinema beltza... Horri guztiorri, gehitu errealismo magiko eta umore beltz apur bat, baita queer eta pulp ezaugarri mordoxka ere. Eta aktore sortaren lan nabarmena. Horrelako osagaiekin, zaila aspertzea. Lapikoa bor-bor izango da hasieratik, irakiten hasi eta gainezka egin arte. Hala irentsiko dugu filma, besteren artean Thelma & Louise (Ridley Scott, 1991), Drive (Nicolas Winding Refn, 2011) edo/eta Coen anaien lanak ekarriko dizkiguna gogora. Hori bai, dudarik gabe, Scotten lanetik baino askoz gertuago dago besteetatik, izerdi usain, desertuko hauts, alkohol eflubio eta odol zipriztinez beteta.
Eñaut Mitxelena