Zuzendaria: Chloé Zhao. Gidoia: Chloé Zhao (Jessica Bruderren izen bereko liburuan oinarritua). Aktoreak: Frances McDormand, David Strathairn, Linda May, Charlene Swankie. AEB, 2020.
Istorioa: Senarra eta lana galdu ditu Fernek (Frances McDormand). Bizileku duen herria ere, Nevadako paraje huts batean, desagertu egingo da, lana ematen zion enpresa zelako herriaren ardatza. Ondorioz, furgoneta hartu, errepidera jo eta bizimodu nomada hasiko du.
Sariak: Aurtengo Oscar sarietako irabazle nagusia izan da, film, zuzendari eta emakumezko aktore onenaren sariak jasota.
Onena: Kapitalismo basatiak jota deus gabe gelditu diren eta errepidean bizitzera jotzen duten adinekoei (edozein lan eginez bizi behar dute) erreparatzen die Zhaok dokumental kutsua duen filmean. McDormanden lan apartarekin (hain neurtu eta, aldi berean, hain adierazkor), aktore ez diren benetako nomaden parte hartzearekin, ia protagonista bihurturiko paisaia horiekin... Fernen bidea gure egiten du, bere beldur, ezinegon, poz, nahi eta guzti. Aurpegi isilen eta paraje zabalen intimotasuna lagun, errukiari lekurik utzi gabe, bakardadearen eta bideak sortutako komunitateen berotasunak bilduta joango gara Fernekin batera, alderrai, baina ez galduta.
Txarrena: Erretiro miserablea dutelako lan egiten jarraitu behar duten adinekoak, aldizkako lanen baldintza kaskarrak... nomadismo horren atzean dagoen errealitate gordina erakusten ez da askorik ahalegindu zuzendaria.
Eñaut Mitxelena