Leiho Morea, feminismoaren alorreko edukiak biltzeko gunea

Elhuyarrek Leiho Morea webgunea (https://leihomorea.eus) sortu du, feminismoaren eremuko euskarazko edukiak ulertzeko, sortzeko eta ikertzeko balio duen tresna. Bi atal nagusi ditu: bata, hiztegia, terminoak eta definizioak kontsultatzeko; bestea, ikus-entzunezko edukien zein idatzien corpusa edo bilduma, terminoen eta bestelako edukien kontsulta egiteko. Hiztegiari dagokionez, 2020an aurkeztutako Feminismoa eta Berdintasuna Hiztegia-ren jarraipena da, eta aurrerantzean1 ere kontzeptuak gehituko dizkiote. Edukien bildumari dagokionez, hainbat egile, eduki-sortzaile, eragile, argitaletxe, hedabide eta bestelako elkarteren lanak biltzen ditu; eta, hiztegiari bezala, edukiak gehituko dizkiote. Herritar ororentzako tresna da, eta bereziki baliagarria ohiko jardunean feminismoari lotutako edukiak sortzen ari direnentzat: kazetariak, ikertzaileak, berdintasun-teknikariak...


‘Kandida’ lana sortu du Tartean konpainiak
Arrakasta2 lortzeko egiten direnak, etxegabetzeak... hainbat gai sakon3 eta unibertsal lantzen ditu Tartean Teatroa taldearen Kandida lanak, tonu tragikomikoan. Patxo Telleriak idatzi eta zuzendu du antzezlana, eta Miren Gaztañaga, Nerea Mazo eta Mikel Martinez ditu protagonista. Otsailaren 3an estreinatuko dute Bilboko Arriagan, eta ondoren beste leku batzuetan ikusteko aukera egongo da: 4an, berriz ere Arriagan; 18an, Eibarren; martxoaren 13an, Legazpin; 27an, Ordizian; apirilaren 19an, Erandion...


EUSKAL AKTOREEN BATASUNAREN eta (H)emen elkartearen ekimenez4, ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektorean indarkeria matxistaren aurkako protokoloa izango dute aurki. Ondo bidean, apirilean egongo da indarrean. Garazi Arregi Leonek egindako lan bat du oinarri nagusi protokoloak. Besteak beste, 90 profesionali egin die inkesta eta erantzunek erakutsi dute indarkeria matxista zabaldua dagoela: % 43,3k jasan dute lanean; % 60k indarkeria-kasuak ikusi dituzte; eta % 57,8k esan dute lanean ez direla seguru sentitzen.


XABIER PAYAK irabazi du XXIII. Cafe Bar Bilbao antzezlan laburren saria, Ganbarako lana izeneko antzezlanarekin. Bertsolari baten barne-eztabaida⁵ kontatzen du, 2001eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaleko kartzelako lanean. “Bertsoa, antzerkia eta egia gordina” batzen ditu testuak. Gaztelaniazko saria Pedro Zabalzak eskuratu du, Natalia lanarengatik. Irabazle bakoitzak 800 euro jasoko ditu, eta euskarazko lanari dagokionez6, irakurketa dramatizatua egingo dute Lautan Hiru antzerki jaialdian.


PALESTINAREN ALDEKO KEINU GISA, hainbat euskal musikarik Spotify utzi zuten 2025. urtearen hondarrean7, plataformaren zuzendaritzak Israelgo armagintzarekin lotura duela salatu ostean8. Plataformari boikota egin eta euren musika sarean entzuteko alternatiba garatu dute, musikariak.eus webgunea sortuta. Bandcampen oinarritua dago eta, musika webgunean bertan entzuteko aukera eskaintzeaz gain, lanak erosteko aukera ematen du Bandcamp loturaren bidez. Gainera, sakelako bertsioa ere badu, aplikaziorik deskargatu behar ez izateko.


LAUTAN HIRU antzerki-jaialdiaren zortzigarren aldia otsailean izango da, eta zortzi antzezlan eskainiko dituzte, Bilboko Zazpikaleetako bost gunetan. Emanaldiak otsailaren 5ean, 12an, 19an eta 26an izango dira. Lerrook idazterakoan egitarau⁹ osoa oraindik ez dute eman ezagutzera, baina antzezlan bat dagoeneko jakina10 da: Zaku berekoak, Gehibat konpainiarena. Lan horrek 2025eko Lautan Hiru laguntza irabazi zuen. Euskaltzaindiak antolatzen du jaialdia, BIRA Kulturarekin, Tartean konpainiarekin eta 7Katu gaztetxearekin batera.
1. Aurrerantzean: hemendik aurrera.
2. Arrakasta: éxito (es), succès (fr).
3. Sakon: profundo, -a (es), profond, -e (fr).
4. Ekimen: iniziatiba.
5. Barne-eztabaida: discusión interior (es), discussion interne (fr).
6. Dagokionez: en lo que respecta a (es), en ce qui concerne (fr).
7. Hondar: amaiera, bukaera.
8. Ostean: eta gero, ondoren.
9. Egitarau: programa (es), programme (fr).
10. Jakina: ezaguna.
