Euskozenoa, kultura astintzeko
“Euskal nortasunen adierazpen libreak azaleratzea” helburu, eta kultura astindu nahian, Euskozenoa plataforma independentea sortu du Bilboko Dot kooperatibak. Hainbat parte hartzaile ditu: El Chivo Peludo artista bisuala, Javi Rivero sukaldaria, SOS Arrazakeria elkartea eta Déjà vu antzerki taldea, Aritz De La Hera moda diseinatzailea, Arantzazuko fraide frantziskotarrak eta Amaia Lejarreta artista. Aurrerantzean, gainera, taldea handitzeko asmoa dute. Euskozenoa gizarteratzeko, hainbat “artefaktu” erabili ditu plataformak: munduratzeak, euskal nortasunen gaineko hausnarketa kolektiboak; hitzak, errealitate berriei lotutakoak; eta gorpuzteak, euskal kulturako protagonista berriak irudikatzeko interpretazio sortzaileak. Hain zuzen, Javi Rivero sukaldariak egin du lehen gorpuztea: diasporari buruzko lanketa batean oinarrituta, “Euskal Herriko aniztasuna islatzen duen mahai ingurua” jasotzen duen argazkia. Gorpuzte horren zein ondoren etorriko direnen berri euskozenoa.eus webgunean edota beren sare sozialetan jaso daiteke.
Eztena, kalea helburu
Inoiz baino kaletartuago dator Errenteriako Eztena antzerki jaialdia, kalea izango baitu protagonista nagusi. Ekainaren 9an, 10ean eta 11n, kalean badenarekin eta kalean ikusten ez denarekin lan egingo dute jaialdiaren 15. edizioan. Zizt! kultur elkarteak, Mikelazulo kultur elkarteak eta Errenteriako Udalak elkarlanean antolatua, eduki, forma eta antolakuntza moduetan arriskuak hartzen dituzten taldeei plaza eskaintzeko asmoz sortu zen Eztena. Hain zuzen, aurten, arrisku berria hartu du orain arteko talde antolatzaileak: arte eszenikoen munduan dabiltzan hainbat gazteri utzi dio jaialdia antolatzeko ardura. Emaitza, mota askotako ikuskizun eta ekintza artistikoz osatutako egitaraua. Besteak beste, Koldo Arosteguiren BoBO dantza ikuskizuna; Tripak kolektiboaren Platea antzezlana; Txaranga Urretabizkaiaren kontzertua; dantza, soinu eta performance erakustaldiak; azoka interaktiboa... Gainera, ekainaren 5etik 9ra bitartean, hiru tailer eskainiko dituzte dantza, performancea eta soinua oinarri hartuta. Egitarau zehatza, eztena.eus webgunean.
HAUR ETA FAMILIEI euskarazko edukiak eskaintzen dizkie Gookapi plataforma interaktiboak. Apirilean aurkeztu zuten umeentzako lehen plataforma interaktiboa. Doakoa da, eta animaziozko telesail labur interaktiboak, jolas interaktiboak eta abestiak biltzen ditu, besteak beste. Edukiak, jatorriz, euskaraz sortzen dituzte, baina gaztelaniara ere itzultzen ditu plataformak. Iratxo batzuk dira edukietako protagonistak. Haien bitartez, ingurumenarekin eta garapen iraunkorrarekin lotutako gaiak jorratzen dituzte, oro har. Plataforma www.gookapi.com/eu/ gunean balia daiteke, baina gailu mugikorretan ere erabili ahal izango da, Google Play-n eta App Store-n deskargatu ahal izango den aplikazioari esker.
MUSIKA ENTZUTEKO Spotify plataforma euskaraz ere erabil daiteke dagoeneko, joan den maiatzetik. Ordura arte, 63 hizkuntzatan zegoen erabilgarri, eta maiatzean beste 11 gehitu zizkioten; tartean, euskara eta galegoa. Horrenbestez, orain 74 hizkuntzatan balia daiteke plataforma. Suediako enpresak jakinarazi duenez, erabiltzaileek “esperientzia pertsonalizatuagoa” izateko erantsi dizkiote.
EUSKALTZAINDIAK antzerki ekoizpena sustatzeko sorturiko laguntza deialdia abian da. Lautan Hiru antzerki jaialdiaren ingurumarian sortua, oraingoa laugarren aldia du. Euskarazko antzerkia hauspotzea du xede, batez ere pieza laburren sorkuntza. Irabazleak 800 euroko laguntza jasoko du, eta beste 1.200 eurokoa, baldin eta 2024ko Lautan Hiru jaialdian estreinatzen bada. Lanak aurkezteko epea irailaren 15ean amaituko da. Oinarriak Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus) ipini dituzte.
EUSKARA IKASLEEN eta euskaldunen artean euskararen erabilera sustatzeko asmoz, Europako Euskal Etxeen I. Euskarazko Podcast Lehiaketa antolatu dute Valentziako Laurak Bat Euskal Etxeak eta Madrilgo Euskal Etxeak. Euskal Herritik kanpo euskara ikasten ari direnentzat nagusiki, bi kategoria ditu: euskara ikasten ari direnena eta euskara normaltasun osoz erabiltzen dutenena. Lanak ekainaren 10a baino lehen aurkeztu behar dira
KALDEARTE Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko XVII. Erakustaldia ekainaren 8tik 11ra egingo dute. Guztira, bertoko eta atzerriko 35 konpainiaren 71 emanaldi eskainiko ditu hiriko hainbat tokitan. Euskal taldeen artean, Kukai Dantza konpainia, Panta Rhei, Piszifaktoria Ideien Laborategia, Lokke, Organik... izango dira. Jaialdiaren hasierako ikuskizuna ere bi euskal talderen arteko elkarlanaren emaitza da: Dendu, Harrobia Dantza Bertikala eta Oreka TX taldeek sortua.