‘Argizagi’ proiektuak jaso du Durangoko Azokaren Sormen Beka
Ihintza Iriarte, Miren Bereziartua eta Uxue Bereziartuaren Marramiau Sorkuntza Taldeak irabazi du Durangoko Azokaren 2023ko Sormen Beka, Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz animaziozko telesailaren proiektuarekin. Haurren eta familien ikuskizunak zituen helburu bekak, eta horixe da Argizagi: 5-10 minutuko animaziozko telesaioa, bospasei kapitulu izango dituena. Izei lurtarraren eta Ekai eta Nahi estralurtarren abenturak kontatuko ditu. Eremu pedagogikoan egin dezakeen ekarpena nabarmendu du epaimahaiak, baita hizkuntzaren eta balioen transmisioan izan dezakeen eragina ere. Irabazleek 15.000 euroko laguntza jasoko dute lana garatzeko, eta datorren urteko Azokan aurkeztu beharko dute. Hain zuzen, iragan berri den Azokan aurkeztu zuten Jon Ander Urrestiren Eukalyptus, 2022ko Sormen Beka irabazi zuen antzezlana.
Lan munduaren garratza, ‘Almazenean’
Kapitalismoari eta lan munduko esplotazioari buruzko gogoeta egingo du, umoreari helduta, Txalo konpainiak urtarrilean estreinatuko duen Almazenean lanak. David Desola idazle kataluniarraren Almacenados antzezlan arrakastatsu eta sarituaren euskarazko egokitzapena da, Begoña Bilbaok zuzendua. Komedia “zorrotz eta garratza”, bi protagonista ditu: erretreta hartzear den arduraduna eta hura ordezkatuko duena. Bost egunez, lantokia partekatuko dute itxuraz ezer gertatzen ez den biltegi hutsean. Horrek bien arteko harremana estutu, eta komunean dutenak betiko lotuko ditu: galtzaileen kontzientzia. Iker Galartzak eta Zuhaitz Gurrutxagak gorpuztuko dituzte, hurrenez hurren, arduraduna eta haren ordezkoa. Urtarrilaren 12an aurkeztuko dute, Hondarribian, eta ondoren hainbat udalerritan eskainiko dute: 13an, Berrizen; 18an, Santurtzin; 19an, Gernikan; 20an, Getxon; 21ean, Villabonan...
BADATOZ Zuberoako Maskaradak. Aurten, Pagolako herritarrek eskainiko dituzte, 15 emanaldi urtarriletik apirilera. Ohi bezala, lehen eta azken emanaldiak antolatzaileen herrian izango dira, Pagolan. Emanaldi bat ez da Zuberoan izango, Nafarroa Behereko Donaixtin ere eskainiko baitute. Hona hemen datak: urtarrilaren 21ean, Pagolan; 27an, Ezpeizen; otsailaren 4an, Irurin; 11n, Maule-Lextarren; 17an, Gamere-Zihigan; 24an, Muskildin; martxoaren 2an, Donaixtin; 10ean, Ligi-Atherein; 17an, Idauzen; 23an, Alozen; 31n, Barkoxen; apirilaren 7an, Larrainen; 14an, Urdiñarben; 21ean, Lakarri-Altzain; eta azkenik, 27an, Pagolan berriro.
WHATSAPP ORAIN euskarazko ikus-entzunezko albiste zerbitzua jarri du martxan EITBk. WhatsApp plataforma baliatuta, nagusiki bideo eta irudi formatuko edukiak zabaltzen ditu. “Berehalakoa, egiazkoa eta selektiboa” da, eta lehentasuna gizartean eragin handiena duten albisteei ematen die. Euskarri mugikorrei lotuta, albisteak kontsumitzeko egungo ohiturei erantzuteko xedez sortu dute. WhatsApp Orain zerbitzuko albisteetara harpidetzeko, QR kode bat erabili behar da.
KALEAN DA Xuxen.eus euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikalaren bertsio berria. Elhuyarren zuzentzaile ezagunari hizkuntza irizpide berrienak txertatu dizkiote, diseinu “erakargarriagoa” du eta errazagoa da erabiltzeko. Hainbat programatarako deskargatu eta ordenagailuan instalatuta edo online erabil daiteke. Zuzenketa ortografiko eta gramatikalak proposatzeaz gain, genero ikuspegia ere kontuan hartzen du orain, hizkuntza baztertzailea saihesteko gomendioak emanez.
HITZEKIN egunero dibertitzeko joko berria topa daiteke sarean: Hizki.app. Pello Altadill-ek sortu zuen azaroan eginiko Euskal Game Jam bideojoko maratoian, eta Wordle eta Berbaxerka izenekoen tankerakoa da. Jokoan hasteko, Gmaileko kontu baten bidez identifikatu behar da. 4x4 hizkiko lauki batean hitzak osatu behar dira, eta Scrabble jokoan bezala, ahalik eta puntu gehien lortu. Eguneroko erronka ez ezik, orduero aldatzen den beste bat ere badu, baita jokalari guztien sailkapena ere.
JOSU MARTINEZEN Bizkarsoro filma urtarrilaren 12an estreinatuko dute euskal herri osoan. Benetako istorioak oinarri hartuta, euskarak eta euskaldunek XX. mendean jasandako zapalkuntza kontatzen du lanak. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, eta estreinaldiaren ostean emanaldiak antolatzeko aukera zabalduko dute. Horretarako, pelikula eskaini nahi duten tokiko eragile eta taldeek eskaera egin behar dute, bizkarsoro.eus webgunean. Emanaldietan lantaldekoekin solasaldia egiteko aukera ere badago.