‘Primeran’ plataforma digitala martxan da
Abian da Primeran, euskara eta euskal edukiak zabaltzeko EITBk sorturiko streaming plataforma. 3.000 atal edo film baino gehiago ditu, ia guztiak euskaraz, euskarazko audioekin edo euskarazko azpitituluekin lagunduak: euskal produkzioko eta nazioarteko telesailak, filmak, dokumentalak, haurrentzako edukiak, musika... Gainera, plataformarako propio sortutako eduki esklusiboak izango ditu. Adibidez, irailean estreinatutako Itxaso telesaila. Mundu osoan ikus daitezke plataformako edukiak. Doakoa da eta www.primeran.eus webgunean erabil daiteke. Aplikazioa SmartTV gehienetan eta Google Play eta iOS gailuetako dendetan deskarga daiteke. EITBk sortu arren, eragile gehiagok ere parte hartu dute. Hala, Tokikom tokiko komunikabideen elkartearen edukiak ere baditu, baita Euskadiko Filmategiaren laguntza ere. Donostiako Zinemaldian saritutako zenbait film ere eskainiko ditu. Etorkizunean zuzenekoak eskaintzea ere aurreikusi dute.
Komedia politiko batekin dator Tartean Teatroa
Kortxoaren dilema izeneko antzezlana aurkeztuko du, azaroan, Tartean Teatroa konpainiak. Endredozko thriller politikoa da. Patxo Telleriak idatzi du, eta Mireia Gabilondok zuzendu. Itzal handiko unibertsitate irakasle ezkertiar erretiratu batek erabaki latza hartu beharko du: daukan minbizi gaiztoa tratatzeko, aberats ospetsu batek osasun sistema publikoari dohaintzan emandako erradioterapia ekipamendua erabili beharko luke. Irakasleak askotan kritikatu izan du aberatsaren jokabidea, beraz, bere printzipioak kolokan jarriko ditu. Erabakia hartu ondoren, ezustean, ikasle ohi bat agertuko zaio kontuak garbitzera. Halaxe hasiko da “etikari, koherentziari, traizioei eta mendekuei buruzko joko teatrala”. Telleriak berak eta Mikel Martinezek jokatuko dituzte bi protagonistak. Lana azaroaren 15ean eta 16an eskainiko dute estreinakoz, Bilboko Arriaga Antzokian. Ondoren, toki askotan ikusi ahal izango da: azaroaren 17an, Igorren; 18an, Eibarren; 19an, Errenterian; 23an, Santurtzin...
AZPEITIKO 41. Euskal Antzerki Topaketak azaroaren 2tik 23ra egingo dira eta, ohi bezala, euskarazko antzerkiaren erakusleiho zabala izango dira, talde profesionalen nahiz amateurren emanaldiak eskainita eta zenbait erakusketari leku eginda. Besteak beste, Goaz antzerki taldearen Salve, publikoa, Artedrama eta Axut! konpainien Hondamendia, Eromen Produkzioak-en Higa, Pez Limboren Itsas behera eta Kamikaz kolektiboaren Troia ikusi ahal izango dira. Korrika AEK beka irabazi duen Badon* lana ere eskainiko dute, azaroaren 23an, zehazki. Emanaldietarako sarrerak antzerkitopaketak.eus webgunean eros daitezke.
IRAILETIK, martxan da Aldatu gidoia euskararen alde! kanpaina, Eusko Jaurlaritzari kultura eta ikus-entzunezko politikak aldatu ditzala eta euskara erdigunean jar dezala eskatzeko. Horretarako, hainbat eskakizun zehatz egin dituzte, guztiak ere ikus-entzunezkoen euskarazko eskaintza zabal, erakargarri eta eguneratua lortzeko. Hogeita hamaika eragilek abiatu zuten kanpaina (tartean, AEK), baita sinadura bilketa ere change.org plataforman. Gainera, 2024ko maiatzaren 18rako mobilizazioa iragarri dute.
MIHILUZE saioan etxetik parte hartzeko aukera ematen du Mihiluze aplikazioak. Zehazki, ETB1eko lehiaketa ezagunaren azken proba, Bai edo bai izenekoa, jokatu ahal da, zuzenean, egunero. Horretarako, aplikazioa deskargatu behar da App Store edo Google Play dendetan. Haren bidez, telebistako lehiakideak azken proba jokatzen ari diren unean proba bera egin daiteke, etxetik, baita saioa ikusi gabe ere. Aplikazioan lehiatzen direnen artean sariak banatzen dituzte aste amaieran.
LORALDIA FESTIBALAK zabalik du euskarazko sormen digitaleko bekaren bigarren deialdia. Euskarazko sorkuntza digitala sustatzea du helburu, eta 10.000 euroko ordainsaria emango du, lana 2024an garatzeko. Arlo guztietako obrak aurkez daitezke, betiere sormen digitalari lotuta: musika, arte eszenikoak, arte plastikoak, komikia... Lanak azaroaren 20ra arte aurkez daitezke. Xehetasun guztiak loraldia.eus webgunean daude.
INOIZ BAINO GEHIAGO iraun du aurten Kontatzen duten emakumeak zikloak, Panta Rhei antzerki taldeak zuzendutako Bideart Eszena Zigoitia programaren barruan egiten denak. Urrian hasi zen eta azaroan amaituko da emakumezkoen sorkuntza ardatz duen zikloa, eta oraindik ere zenbait emanaldi ikusi ahal izango dira Zigoitiko hainbat herritan. Esaterako, Kafuné Kolektiboaren Nire irudia zure haragian eta Olatz Gorrotxategiren 43º13’44’’N. Informazio gehiago, www.teatropantarhei.com/bideart gunean.