Leioako Umore Azokak 90 ikuskizun eskainiko ditu
Maiatzaren 18tik 21era egingo da XXIII. Umore Azoka, Leioako Kale Artisten Azoka. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egitarau “indartsua” izango da aurtengoa. Zenbakiak horren erakusle: 43 konpainiaren 90 ikuskizun eskainiko dira, guztira, Leioako kaleetan. Parte hartuko duten taldeetatik 17 Euskal Herrikoak dira: Panta Rhei, Hortzmuga Teatroa, Trapu Zaharra, Aukeran dantza konpainia... Gainerakoak Espainiatik, Kataluniatik, Frantziatik, Portugaletik, Suediatik eta Kenyatik etorriko dira. Ohi bezala, taldeok denetariko diziplinak eskainiko dituzte: antzerkia, dantza, zirkua, clowna, instalazioak, performanceak eta musika. Emanaldiez gain, bestelako ekitaldiak ere izango dira Umore Azokan, hala nola hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta sektoreko jendearentzako bilerak eta jardunaldiak.
‘Hau ez da gerra bat’, antzezlana baino gehiago
Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Thusia konpainiek Hau ez da gerra bat izeneko antzezlana estreinatuko dute maiatzaren 10ean, Gasteizko Printzipal Antzokian. Mikel Ayllonek idatzi eta zuzendu du, eta Lei eta Zen ditu protagonista: haien maitasun harremana azkenetan da, eta, gerra zelaitik ihesi doazela, Magenta soldadu gupidagabea agertuko zaie. Fikzioaren bidez, “giza harremanen porrotaren atzean dagoen errealitatea” ulertzen laguntzen du lanak. Horretarako, esparru “emozional eta poetiko” berezia eraikiko du. Aiora Sedano, Irati Agirreazkuenaga eta Gabriel Ocina aktoreek gorpuztuko dituzte hiru protagonistak. Obra berritzailea izango da. Izan ere, antzezlanaz gain, unibertso transmedia ere eskainiko du, hainbat ekintzaren bitartez: pertsonaien iragana ezagutzeko audioak, Bunker izeneko aurreikuskizuna, euskara ikasleentzako material didaktikoa... Horren guztiaren berri zehatza, baita osteko emanaldiena ere, hauezdagerrabat.eus atarian jaso daiteke.
OBSOLETUS izeneko komedia estreinatu berri du Anodino Teatro konpainiak. Obra politikoa da, edo, taldeak berak dioen moduan, “lokarturiko Ghandi-ei eta ustezko terroristei buruzko komedia”. Ione eta Elias, lantegia itxi dietela eta, itxialdi luzea egiten ari dira lantegian bertan. Haiei Txarli batuko zaie, akordioa lortuko duena. Lan gatazka abiapuntu, aldarrikapen eta protesta mota askok egun jasaten duten estigmatizazioaren gainean mintzo da Aitor Fernandinok idatzitako lana. Nerea Lorente Usabiagak euskarara egokitu du, eta Pako Revueltasek zuzendu. Aiora Sedanok, Juanjo Oterok eta Aitor Fernandinok jokatzen dituzte protagonisten rolak. Apirilaren 28an Getxon estreinatu zuten.
BADOK euskal musikaren atariak Kantok jolasa sortu du. Abesti bat asmatu behar da egunero, sei saialditan. Saialdi bakoitzean, kantuaren bost segundoko pasartea entzungo da (sei saialditan, 30 segundo guztira). Izena asmatzeko, gainera, erabiltzaileak bilatzaile baten laguntza izango du. Asmatu ala ez, amaieran kantuaren izena ezagutarazten da. Euskal musikaren ezagutza eta erabilera bultzatzeko sortu du jolasa Berriaren Badok atariak (badok.eus).
EUSKARAZKO umore errimatua sustatzeko asmoz, ZirTok lehiaketa antolatu dute Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Hiru Damatxok eta Bertsozale Elkarteak, TikTok sare sozialean. Erantzun errimatu barregarria da zirtoa, edozein elkarrizketatan bat-batean erabil litekeena. Halakoak sortu eta bideo laburretan aurkeztu behar dira ZirTok-en, maiatzaren 31 baino lehen. Lehiaketak hiru modalitate ditu. Oinarri zehatzak eta zirtoen adibideak www.zirtok.eus gunean daude ikusgai.
YOUTUBE EUSKARAZ izeneko atala gehitu dio bere eskaintzari Zer Non Ikusi atariak (zernonikusi.eus). Plataforma digitaletan eta zinema aretoetan euskaraz topa daitekeenaren berri ematen du webguneak, eta, atal berriarekin, YouTuben euskaraz dauden edukiak ere jasoko ditu: euskarazko marrazki bizidunak, podcastak, bestelako kontuak... Edukia zerrenda edo kanaletan antolatu dute, eta dagoeneko ia 70.000 bideo jarri dituzte atalean.
29. FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoa maiatzaren 5etik 13ra izango da. Aurten, 47 saio eskainiko ditu guztira, tartean euskal egileen 11 labur. FANTeko Izarra saria Belen Rueda aktoreak jasoko du, eta Ohorezko FANT sariak, berriz, Zorion Egileor euskal aktore, musikari eta esatariak, eta Paco Plaza zuzendariak. Bestelako jarduerak ere izango dira; Esaterako, euskal mitologian oinarritutako Mitologika erakusketa, Barrainkuako Udaltegian dagoeneko ikusgai.