Bilbon, mendira
Mendia protagonista nagusia izango da Bilbon, abenduaren 9tik 18ra, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 15. edizioari esker. Orotara, 14 herrialdetako 59 lan eskainiko dituzte, dela Sail Ofizialean, dela Zabalandi sailean, dela Mendi Film Bizkaia Ternua bekaren barruan. Tartean, Euskal Herrian ekoitzitako edota euskal zuzendariek egindako 10 lan ere izango dira ikusgai: Mikel Gurrearen Heltzear, Alex Areizaga Albisuaren Itzalak, Julen Zubietaren Agur Artzai... Pandemiagatik aurreko bi urteetan aurrez aurreko saioak eta online emanaldiak uztartu bazituzten ere, aurten betiko formatura itzuliko da jaialdia, hau da, aurrez aurrekoak izango dira, ohiko guneetan: Euskalduna Jauregia, Golem zinema aretoak eta BBK Sala. Era berean, ohi bezala, bestelako ekintzak antolatuko dituzte, hala nola erakusketak, solasaldiak eta mahai inguruak. Sarrerak dagoeneko salgai daude mendifilmfestival.com gunean, non jaialdiaren xehetasun guztiak ere ezagut daitezkeen.
Badator ‘Artxipelagoa’-ren bigarren denboraldia
Iazko apirilean sortu zutenetik, eskaintza handitzen ari da EITB Podcast plataforma (www.eitb.eus/eitbpodkast). Urtea hasi zenetik beren-beregi sortutako hamar podcast estreinatu ditu, eta azaroan ere berriak etorri dira. Gainera, abenduan, Artxipelagoa sail apokaliptikoaren bigarren denboraldia izango da entzungai. Iaz sareratu zuten Artxipelagoa, eta arrakasta handia izan zuen. Orain, Durangoko Azokarekin batera iritsiko da jarraipena. Gabonetarako, halaber, Dodoa izenekoa dago aurreikusita. Jabier Muguruzaren izen bereko diskoaren osagarri izango da podcasta. Azaroan, hiru estreinaldi izan ziren: Uhin ultramoreak, emakume zientzialariak dagokien lekuan ipintzen dituena; Harresi ikusezina, migratzaileek Bidasoa ibaian topatzen duten harresi ikusezina hizpide duena; eta Zapla!, Euskaraldiaren testuinguruan sortua. Belarriprest eta ahobizientzako ariketak proposatuko ditu Zapla!-k. Lau atal izango dituen arren, epe luzera ere erabilgarria izateko helburua du.
ZINUEMA egitasmoa jarri du martxan UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Tinko elkartearekin elkarlanean, euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza egonkorra sustatzeko asmoz. Horri esker, euskarazko ikus-entzunezkoen emanaldiak eskainiko dituzte UEMAko udalerrietan. Proiektu pilotua izaki, oraingoz lau herritan eskainiko dituzte: Igorre, Etxarri-Aranatz, Azpeitia eta Ataun. Adin orotarako eskaintza osatu dute: dokumentalak, haurrentzako filmak, film laburrak... baita Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finala ere. Azaroan hasi ziren emanaldiak egiten, eta otsailera arte izango dira. Bai eskaintza osatzen duten lanak bai programazioa zinuema.eus atarian kontsulta daitezke. Emanaldi bakoitzaren ostean, ikusleek inkesta bat bete behar dute. Hala, harrera ona izanez gero, datorren urtean ere ekimenarekin jarraituko dute.
PLAZAZ PLAZA dabil Lesakako Mairu antzerki tailerraren Intxaurrak antzezlana. Arnasa Gara egitasmoaren Arnasguneak beka irabazi zuen iaz, eta Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatu da. Euskararen arnasgune diren herrien ezaugarriak, kezkak, mugak, iragana eta etorkizuna biltzen ditu Gaizka Sarasolak idatzi eta Manex Fuschek zuzendutako lanak. Abenduaren 3an, Iruritan eskainiko dute; 4an, Markina-Xemeinen; 8an, Abaltzisketan; 10ean, Lesakan; 30ean, Aramaion; eta, otsailaren 12an, Oñatin.
JUAN SAN MARTIN (Eibar, 1922 – Hondarribia, 2005) idazle, euskaltzain eta etnografoaren jaiotzaren mendeurrena dela eta, haren lan guztiak digitalizatu ditu Jakin aldizkariak, eta euskal pentsamenduari eskaintzen dion webgunean jarri: https://www.jakin.eus/digitalizazioa/san-martin. Guztira, 1.314 lan daude eskuragarri: 25 liburu, 79 liburu atal, 1.179 artikulu... Gainera, bilduma 1.935 lan digitalizatu arte osatuko dute.
2023KO LAUTAN HIRU laguntza banatu gabe geratuko da. Euskarazko antzerkia sustatzeko Euskaltzaindiak 2021ean sortua, batez ere lan laburrak bultzatzea du xede. 2023ko deialdira bi lan aurkeztu dira, baina epaimahaiak laguntza banatu gabe uztea erabaki du, parte hartzaileen ahalegina eskertu badu ere.
EUSKAL ANTZERKIARI eskainitako ganbila.eus ataria berritu egin dute. EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak eta Susa argitaletxeak sortutako webgunean, oraingoz, euskaraz sortutako teatro testuak, kritikak, kronikak, erreportajeak, elkarrizketak, ikus-entzunekoak eta Ganbila bildumako paperezko edizioak topa daitezke. Aurrerago, original berrien argitalpenari, itzulpenari eta euskarazko sortzaileen zubitegiari egingo diete leku.