2020ko otsailean, Zaldibarko zabortegian hondamendia gertatu zen, zabor luizi baten eraginez. Bi langile desagertu ziren, eta, horrez gain, ingurumenean ondorio larriak izan ziren. Era berean, zabortegiaren kudeaketan irregulartasun mordoxka azalarazi zuen. Gertakari hura, “zaborraren sumindura eta garrasia”, hartu dute hizpide Axut! eta Artedrama antzerki konpainiek elkarlanean sortutako azken lanean: Hondamendia. Harkaitz Canok idatzi du lana, eta Ximun Fuchsek zuzendu. Oholtza gainean, guztira, zortzi artista, hala antzezleak nola dantzari eta musikariak: Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Eneko Gil, Ane Sagües, Ruth Guimerá, Maialen Belaustegi eta Jon Ander Urresti. Musika Larburuk berak atondu du, Asier Ituarterekin batera. Koreografiak, berriz, Philippe Ducouk. Urriaren 14an estreinatuko dute, Luhuson, eta ondoren emanaldi ugari eskainiko dituzte: urriaren 16an, Markinan; 21etik 23ra eta 28tik 30era, Donostian; azaroaren 1ean, Eibarren; 3an, Santurtzin; 4an, Andoainen...

Zinema egunak datoz

Agenda betea izango dute zinemazaleek ondorengo asteetan, bi hitzordu garrantzitsu izango baitira irailean eta urrian. Lehenik, irailaren 16tik 24ra, Euskal Herriko zinema jaialdi nagusia: Donostiako 70. Zinemaldia. Sail ofizialean Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango diren lanetatik at ere, aukera zabala eskainiko du bestelako sail eta atzerabegirakoetan. Euskal ekoizpenek ere lekua izango dute, ohi den moduan, Zinemira sailean. Halaber, Donostiako Belodromoan, Fermin Muguruzaren Black is Beltza II: Ainhoa animaziozko film luzea estreinakoz eskainiko da. Egitarau oparoa ezagutzeko, www.sansebastianfestival.com gunera jotzea onena. Urriaren 20tik 23ra, ostera, Lekeitioko 45. Euskal Zine Bilera izango da, Hego Euskal Herrian euskara hutsean egiten den zinemaldi bakarra; euskarazko ikus-entzunezkoentzat ezinbesteko topagunea, beraz. Aurten, egun gutxiago iraungo du, baina bilera izaera bereziki sendotuta. Lerrook idaztean egitaraua jakinarazi gabe zuten. Hortaz, adi zinebilera.eus atariari, bertan paratzen baitute jaialdiari buruzko informazio guztia.

IRAILAREN 8tik 18ra izango da 32. Maitaldia dantza festibala. Ekitaldi gehienak Biarritzen izango badira ere, Angelun, Baionan, Maulen, Donibane Garazin edota Senperen ere egingo dira. Malandain Ballet Biarritz Koreografia Zentroak antolatutako jaialdiak egitarau eklektikoa osatu du, nazioarteko konpainia eta dantzari ugarirekin. Alta, EKE Euskal Kultur Erakundearen partaidetza lagun, tokiko artistei ere leku handia emango die. Besteak beste, Osa + Mujika, Martin Harriague, Kukai Dantza, Maritzuli Konpainia... EKErekin batera antolatu da, halaber, estreinakoz, Artistak lurralde(t)an ekimena, non Euskal Herriko eta Karibeko ondarea izango duten aztergai eta langai hilaren 10etik 13ra. Egitarau osoa www.letempsdaimer.com atarian ikus daiteke.

THE LORD OF THE RINGS: The Ring of the Power telesaila, inoiz egin den telesailik garestiena, euskaraz ere ikusi ahal izango da. Irailaren 2an estreinatuko du Amazon Prime Video plataformak J. R. R. Tolkien idazlearen unibertsoan oinarritutako telesaila, eta, hasiera batean, euskarazko azpitituluak izango ditu. Egun batzuetara, euskarazko bikoizketa ere izango du. Plataformak jakinarazi duenez, Peter Jacksonek filmatutako The Lord of the Rings filmeko kontakizunak baino milaka urte lehenago gertaturikoak kontatzen ditu telesailak.

EUSKARA ETA UMOREA ardatz dituen Mihiluze lehiaketa arrakastatsua bueltan da. 2006tik 2013ra arte eskaini zuen ETB1ek, eta hizkuntza modu umoretsu eta jostalarian lantzen zuen. Bada, uda ostean, eraberrituta itzuliko da, “baina orduko arima galdu gabe”, ETBk jakinarazi duenez. Euskal telebistaren programazio berriarekin estreinatuko dute, eta astelehenetik ostegunera ikusi ahal izango da, 21:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en. Parte hartzeko, Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera idatzi edo 660 991 766 telefono zenbakira deitu behar da.

INTERNETEKO plataformetako euskarazko ikus-entzunezkoak aurkitzeko asmoz sortu dute Zer Non Ikusi webgunea: zernonikusi.eus. Interneteko doako zein ordainpeko plataformetan euskarazko audioekin ikus daitezkeen lanak jasotzen ditu. Era berean, zinema aretoetan ikus daitezkeenak zerrendatzen dituzte. Oraingoz, 135 lan jaso ditu webguneak, baina katalogoa osatzen jarraituko dute. Gainera, aurrerago, euskarazko azpitituluak dituzten edukiak ere jasotzeko asmoa dute webgunearen sortzaileek.

HERIOTZAREN ATARIAN, suminduta bizi den, baina haserre hil nahi ez duen Gregorio adinekoa du protagonista Atx Teatroak aurkeztuko duen Balbea lanak. Taldearen formatu txikiko laugarren bakarrizketa honetan, Iñaki Ziarrusta aktore eta zuzendariak konpainia izango du taulan oraingoan, Valentina Raposoren txotxongiloak ere ageri direlako. Irailaren 25ean eskainiko dute aurrenekoz, Gasteizko Baratza aretoan. Azaroaren 10ean, Azpeitian izango da ikusgai, eta abenduaren 8an eta 9an, berriz, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.

 

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.