Uztailaren 8tik 10era egingo da 32. Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia. Pandemiak bi urtez etendako ohiko funtzionamendua berreskuratuta, hiru egunean 14 ikuskizun eskainiko dituzte herriko hainbat txokotan. Haurreko urteetan bezala, hiru atal edo lerro izango ditu 32. Kalekak. Kaleka Ofizialean, El mono habitado, Cía. Barsanti, Kaput, Markeliñe eta Lekittoko Deabruak euskal taldeen lanak ikusi ahal izango dira, baita kanpotik etorritako Troula Animacion S.L., Javier Ariza, Nacho Villar Producciones, Ambae Company, El gran Dimitri eta Bucraá Circus taldeenak ere. Kaleka Scratchen, sorrera prozesuan dauden bi lan izango dira ikusgai: Cía Ido Loca-ren Agustinne eta La Suricata Circus-en Suricata hoops. Kalekaz Blai atalean, esperimentazioa eta ikusleen parte hartzea izango dira protagonista, Bambole konpainiaren Circus Feria lanarekin. Egitarau osoa kaleka.eus atarian dago ikusgai.

Suizidioa hizpide Barsanti konpainiaren bigarren lanean

Kale antzerki ikuskizuna hasiko da plaza batean. Hasi eta gutxira, auzotar batek, toki altu batera igota, bere buruaz beste egiteko mehatxu egingo du. Abiapuntu horretatik, suizidioaren gaia landu du Cía Barsanti kale antzerkiko konpainiak Akabo! lanean. Taldeak gizarte gaiak jorratu ohi ditu (aurreko lanean, Kale gorrian izenekoan, etxegabetzeei erreparatu zien), umoreari leku eginda, baina betiere errespetuz eta hutsaltasunean jausi gabe. Halaxe egin du bigarren lan honetan ere, urte askoan tabua izan den gaiari helduta. Tarteka meta-antzerkia baliatuz, ikusleak ere parte aktibo bihurtzen ditu obrak. Pako Revueltasek zuzendua, Revueltas bera, Aritza Rodriguez eta Juanjo Otero ditu aktore. Leioako Umorezko Azokan aurkeztu zuten ikuskizuna, eta, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak prestatuta, herriz herri eskaintzen hasiko dira udan. Honako hauek izango dituzte hurrengo hitzorduak: uztailaren 2an, Errenterian; 7an, Durangon; 9an, Zaldibarren; 10ean, Lekeition (Kaleka jaialdiaren barnean); 15ean, Berrizen; 16an, Andoainen...

EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak eta Susa argitaletxeak 2019an elkarlanean sortu zuten Ganbila antzerki bildumak sarera egin du jauzi. Hala, ganbila.eus atarian, eduki piloa jarri dute eskuragai: antzerki testuak, kritikak eta ikus-entzunezkoak. Guztira, oraingoz, 153 antzezlan jaso dituzte (egilearen, urtearen eta izenburuaren arabera sailkatuta), eta kritiken hemerotekan, berriz, 224 artikulu. Ikus-entzunezkoei dagokienez, 31 bideo daude ikusgai. Gainera Ganbila bilduma osatzen duten lanak erosteko aukera ere badago.

EUSKARAZKO MEMEAK sortu eta biltzeko gunea sortu du iAmetza enpresak: Memeka (memeka.eus). Erabilera erraza du: txantiloi bat aukeratu, nahi ditugun hitzak edo esaldia gehitu, eta kito! Txantiloiak bilatzeko aukera ere ematen du. Sortutako memeak webguneko galerian gordeta utz daitezke, erabiltzailea sortuz gero, hori bai. Era berean, kontua zabalduta, norberaren karpetan gorde daitezke sortutako memeak.

DURANGOKO AZOKAKO Sormen Bekak arte eszenikoen arloko pieza labur bat sarituko du aurten. Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak bosgarren urtez jarri dute martxan Sormen Beka DA! deialdia, ohi bezala euskarazko sorkuntza sustatzeko eta sortzaile berriei bidea errazteko asmoz. Lanak aurkezteko epea irailaren 21ean amaituko da, eta irabazleak, 15.000 euroko laguntza jasotzeaz gain, Szenatokia gunean aurkeztuko du lana 2023ko Durangoko Azokan. Deialdiaren xehetasun guztiak durangokoazoka.eus gunean daude.

TARTEAN TEATROAK 2019an estreinaturiko Simplicissimus kabareta sarean ikus daiteke orain. Euskarazko bertsioa edonork ikusteko moduan ipini du konpainiak, taldearen webguneko (tartean.eus) Online atalean. Patxo Telleriak idatzitako lana umorezko kabareta da, eta XX. mendeko bi mundu gerren arteko Europan ditu erroak. Telleriak Jokin Oregirekin batera zuzendua, umorearen mugak aztertu eta beren lana askatasunez egiteagatik jazarriak izan ziren komikoak omentzen ditu lanak.

SAGASTITARRAK izeneko lana estreinatuko du Txalo Produkzioak konpainiak, abuztuaren 17an, Donostiako Antzoki Zaharrean. Ramon Madaularen testuan oinarritutako lan honek goi-burgesiako Sagastitarren familiako gorabeherak jasoko ditu, umorez: Ane alabak, ekintzaile feminista izaki, lehen abizena aldatzea erabakiko du, baina aita kontra izango du. Begoña Bilbaok zuzendua, Joseba Apaolaza, Ainhoa Etxebarria eta Koldo Olabarri ditu aktore. Donostian, abuztuaren 21era arte eskainiko dute.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.