Kulturari lekua egingo dio Sormenek Galdakaon
Askotariko ekitaldiak antolatuko ditu Sormene Galdakaoko Sorkuntza Plazak maiatzean. Euskal kulturaren transmisioan eragiteko xedez jaio zen egitasmoa, eta helburu hori betetzeko kulturaren plaza bihurtu da azken urteotan Galdakao. Aurten ere bai, maiatzaren 12tik 15era eta hilaren 27an antolatu dituen ekitaldiei esker: liburu aurkezpenak, tailerrak ikasleekin eta ikuskizunak. Tailerrak herriko ikastetxeei begirakoak izango dira; gainerako ekitaldiak, aldiz, publiko ororentzat. Hala, hilaren 12an Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Bidaide antzezlana ikusi ahal izango da, eta 13an Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvadorren #Mauriziakezdauinorhil ikuskizuna. 27an, Formol Laborategiaren Album antzezlanaz gozatzeko parada izango da. Horiez gain, Ahotsenearekin elkarlanean, liburu eta diskoen aurkezpenak egingo dira eta Kultur Sorkuntzen Azoka ere antolatuko dute. Egitaraua sormene.eus atarian jaso dute.
Indarberrituta dator Leioako Umore Azoka
Pandemiaren eraginez azken bi urteetan data aldaketak eta ziurgabetasuna jasan ostean, ohiko egunetan eta programazio indartuarekin egingo da Leioako XXII. Umore Azoka. Maiatzaren 19tik 22ra, Leioako kaleetan 90 ikuskizun eskainiko dituzte 40 konpainiak, mota askotakoak: zirkua, clowna, dantza, instalazioak, musika emanaldiak... Parte hartuko duten taldeen artean, gehienak Euskal Herrikoak dira, 19 guztira: Deabru Beltzak, Dantzaz, Hika, Markeliñe, Demode, Rouge Elea, Jon Zabal... Beste 16 Espainiako Estatutik etorriko dira, eta Italia, Portugal, Frantzia, Txile eta Japoniatik talde bana. Euskal Herriko kale antzerki jaialdi garrantzitsuena ohiko jardunera itzuliko den erakusgarri izango da, halaber, emanaldiez gain bestelako ekitaldiak antolatuko dituztela, hala nola hitzaldiak, jardunaldiak, liburu aurkezpenak... Egitarau osoa www.umoreazoka.org webgunean ikusi ahal izango da.
MAIATZAREN 6tik 14ra egingo da 28. FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoa, pandemia aurreko ohiko jarduerak, ordutegiak eta egoitzak berreskuratuta. Guztira, 78 lan eskainiko ditu jaialdiak, 47 saiotan. Sail Ofizialean, 18 lanek parte hartuko dute. Euskal sorkuntzei dagokienez, FANT laburraren atalean 13 euskal film labur ikusi ahal izango dira. Aurten, hainbat lagun sarituko ditu jaialdiak: Nicholas Meyer idazle, gidoilari, ekoizle eta zuzendariari Fantastikoaren Izarra saria emango diote, eta Prano Bailey-Bond zuzendari eta gidoilariari, berriz, Fantrobia saria. Ohorezko FANT saria Macarena Gómez aktoreak jasoko du, batetik, eta, bestetik, EHUko irakasle Bego Vicariok eta Patxi Azpillagak, animazio zineman talentu berriak bultzatzeko egin duten lanarengatik.
MARTXAN DA XIII. Gaztezulo Bideo Lehiaketa, eta maiatzaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak. Gaia librea izango da, baina sorkuntzek gutxieneko bi baldintza bete beharko dituzte: euskarazkoak izatea eta Gaztezulo aldizkaria (paperezkoa, digitala edota webgunea) agertzea. Lehen eta bigarren sariez gain, Publikoaren Saria ere banatuko dute. Horretarako, Gaztezuloren YouTubeko kanalean jarriko dituzte lanak ikusgai, ikusleek botoa eman dezaten. Informazioa gaztezulo.eus atarian duzue.
1813an Donostia setiatua eta suntsitua izan zen. Pasarte hura du ardatz Toti Martinez de Lezearen Bretxa (Erein) eleberriak. Ereinek euskarazko bertsioa kaleratu berri du, eta, aurkezpenean jakinarazi dutenez, eleberrian oinarritutako musikala ere egin dute Oihan Vegak eta Valen Moñuxek. Sei urteko lanaren emaitza da musikala, eta 150 artistak baino gehiagok osatzen dute. 2023ko urtarrilaren 13an izango da estreinaldia, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.
EKONOMIA ETA ENPRESA munduari buruzko informazioa euskaraz jorratzeko xedez jaio da Enpresabidea (enpresabidea.eus) euskarazko egunkari digitala. Hedabideak berak azaldu duenez, “euskal ekonomiaren eta enpresa munduaren ekosistema ikusaraztea eta kohesionatzea du helburu, ikuspegi eraikitzailea eskainiz eta dibulgazioa eginez”. Era berean, lan eta enpresa ingurunean euskararen normalizaziorako pizgarri izan nahi du.
SAREAN EUSKARAZ jokatzeko aukera handitu du Talaios Kooperatibak, Wikitrivia jokoa euskaratuta. Funtzionamendu erraza du: jokoak proposatzen dituen historiako gertakariak denbora lerro batean kokatu behar dira, kronologia asmatuta. WordlEH eta Berbaxerka ez bezala, Wikitrivian nahi adina aldiz joka daiteke egunean. Hori bai, partida bakoitzean hiru huts egin daitezke gehienez. Helbide honetan joka daiteke: wikitribia.talaios.coop/.