Merezitako laudorioak
FLASH
Flash
La Vida Es Un Mus, 2022
Urtero bezala, AEBetako Maximum Rock’n’Roll fanzine ezagunak urteko diskorik onenen zerrendak argitaratu ditu, bere kolaboratzaileen iritzietan oinarrituta. Haietako batek, Eric Andersonek, Flash euskal taldearen estreinako lana sartu du 2022ko hamar disko kutunen zerrendan. Eta ez da harritzekoa: disko bikaina da, punk rockaren eta hardcorearen erdibidean, indartsua eta melodikoa. Kantu gehienetan, gaur egungo bizimodu aspergarri eta hutsala kritikatzen du taldeak (Nazkauta nitxiok, Herri hau), baina itxaropenari zirrikituren bat ere irekita (Bihotz gorrak). Diskoa, Londresko diskoetxe batek argitaratua, oso kritika onak jasotzen ari da atzerrian; espero dezagun etxean ere merezi duen oihartzuna lortzea.