Bostehun urte ez dira ezer
IAQUIN BAHU
IbonRG
Repetidor, 2024
Gauza jakina da Bernart Etxepare euskal literaturako klasikoa dela, hark idatzi baitzuen duela bost mende inguru euskaraz argitaratutako lehenengo liburua, baina euskal musikaren esparruan ere klasikoa dela esan genezake, haren poemekin egindako kantuen zerrendari erreparatuta: Oskorrik disko oso bat eskaini zion 1977an (Mosen Bernat Etxepare 1545), eta Maite Idirinek, Xabier Letek eta beste zenbaitek ere kantatu dituzte Etxeparek idatzitakoak. Orain, IbonRGk musika jarri die Etxepareren liburu hartan agertzen ziren hamasei testuei (hamabost olerki eta eskaintza bat), eta ohikoa duen moldea erabili du horretarako: minimalismotik gertu, tradizioa eta abangoardia uztartuz, ahotsari garrantzia emanez, baina elektronika baztertu gabe eta piano, saxo eta txelo zertzeladak han-hemenka barreiatuz.