Kontaktuak

Goiatz Labandibar

Egin dezagun jolas txiki bat denok elkarrekin, uda iritsita gorputzak gauza arinagoak eskatzen ditu-eta. Gainera, nork esan du hau iritzi-artikulu serioen txokoa dela? Prest? Has gaitezen, bada…
Lehenik eta behin, ireki ezazue zuen mugikorreko agenda. Eta hasi kontatzen: zenbat izen dituzue errepikatuta?
Nirean, adibidez, badaude hiru Andrea; lau Eneko; lau Iñaki; zazpi Irati (ene bada!); hiru Itsaso; hiru Jone; hiru Larraitz; hiru Maddi; hiru Malen; eta bost Naiara. Horien guztien artean, izen bakoitzetik bakarra da Andrea, Eneko, Iñaki, Irati, Itsaso, Jone, Larraitz, Maddi, Malen edo Naiara, bere horretan, besterik gabe. Gainerakoek, badute ondoan beste aipamenen bat: dela abizena, dela lotura (lana edo enpresaren izena), dela herria edo auzoa, dela goitizen1 gisa-edo balio duen zerbait.
Zenbatu dituzue zuen telefonoko agendako izen errepikatuak? Ederki, egin dezagun hurrengo urratsa.
Izen hutsez apuntatuak dauden horiek, ordea, zergatik ote dute ohore2 hori?
Pentsatzen hasita, hainbat arrazoi datozkit burura: izan liteke izen hori lehenengoz gorde nuenean ez zegoelako izen hori zeukan beste inor agendan erregistratua; edo norbaitek eman zidalako kontaktua eta hark eman bezala jaso nuelako zuzenean. Hala ere, esango nuke gehienetan izen hutsez agertzen zaidan pertsona hori garrantzitsuena dela niretzat izen beraz gordeta ditudanen artean.
Alegia, IÑAKI edo MALEN irakurrita, ez dut beste inongo daturik edo erreferentziarik behar nori deituko edo bidaliko diodan whatsappa jakiteko.
Eta uste dut zuen agendako izen errepikatuekin ere horixe gertatuko dela.
Beraz, jakin ezazu besteren agendetako izen errepikatuen artean zureari eusteko gai izan bazara oso garrantzitsua zarela norbaitentzat.
Uda on!
1. Goitizen: apodo (es), surnom (fr).
2. Ohore: honor (es), honneur (fr).
