Beroa
Aspaldi esan ziguten klima aldaketa bazetorrela. Bagenekien. Ez genuen ia ezer egin. 2020an gizakiok etxean egon ginen bitartean, naturak osasuna berreskuratu zuen. Hanka bat kalean jarri genuenerako izorratu genuen guztia berriro. Karbono isuriak gutxitzeko esaten ari zaizkigu aspalditik, baina guk geurean jarraitu dugu urte askoan. Zientzialarien mezu katastrofikoek ez gaituzte gure bizitza ereduetatik urrundu, guk gauza material asko izateko beste batzuek miserian bizi beharrak ez gaitu kikildu, karbono isurien goranzko joerak ez digu autoa itzaltzea eragin, berotze efektuarekin txisteak egin ditugu negua gogorra izan denean, hegazkina hartzearen kalteei begiratu gabe hartu ditugu hegazkinak gau bat etxetik kanpo egiteko, erleak hiltzeak ez gaitu asko arduratu wifi sareak gehitu ditugunean, garraio publikoaren ordutegi zailaren aitzakia merkea erabili dugu autoan banan-banan ibiltzeko egunero, merkeagoa delako erosi dugu edozein modutan ekoitzitako janaria eta langileen bizitza duinen gainetik jositako arropa…
Ezerk ez gaitu geure gurpil zorotik atera. Beste pertsona batzuen bizi baldintzak, kakaztutako urak, ozono geruzaren zuloak, osasun arazoak… ezerk ez digu eragin desazkunderik. Hortxe eutsi diogu geureari. Iritsi da Ukrainako gerra, ordea, eta igo dute gasolioaren prezioa. Hortxe hasi gara erreakzionatzen. Orain, trenen ordutegiari begiratzen diogu, eta janariaren garestitzeak irakatsi digu ezin dela hemen ekoitzia Hego Amerikan kontsumitu eta han ekoitzia Ekialde Hurbilean eta Ukrainan ekoitzia hemen. Horrek ez dauka zentzurik, ez da jasangarria eta epe laburreko irabazi ekonomikoetara mugatzen da erabat. Berriz ere poltsikoak ekarri gaitu errealitatera. Pentsamendu infantila da, baina tarteka pentsatzen dut hobe izango genukeela prezioak jaitsiko ez balituzte. Gu pobreak izango gara, baina arnasa hartu ahal izango dugu.