Gabonak
Gauza argitxodunez beteta daude erakusleihoak. Kolore guztietako bolak jarri dituzte parke eta plazetan finkatu dituzten arboletan. Energia aurreztu beharko genuela esan ziguten, baina Gabonak iritsi dira eta inor ez da horretaz gogoratzen. Urteko balantzea egitean gauza onak txarrak baino gehiago izan badira, gure egoera ospa dezagun jarri dizkigute argiak. Gauza txarrek gainditu egin bagaituzte, balantzea goxoa izan dadin piztu dizkigute kandelak. Kontua da modu batera zein bestera ospatzera kondenatu gaituztela. Saltoki handiek ia irailetik botatzen dizkigute mezu subliminalak; telebista aspalditik dabil oparitzeko balio duten gauzen iragarkiak bota eta bota; supermerkatuetan ustez Gabonetan bakarrik eros daitezkeen jakiak jarri dituzte denon begien bistan. Zaila da urte amaierako zoramen honi ihes egitea. Eta fisikoki ihes egiteak ez du askorik balio: munduko leku gehienetan daude argiak eta kontsumitzeko aukerak biderkatuta.
Inbidia ematen didate mundu guztia honetan dagoenean beste gauza batean egoten direnek. Kontsumoak, argiek, Gabon kanten doinuak, Olentzerok... harrapatzen ez duten jendeari begira egoten naiz. Izan ere, dagoeneko inork gutxik ospatzen ditu Gabonak Jesus garai honetan jaio zelako, baina ateoenek ere erosten dituzte opariak Olentzeroren eta Mari Domingiren izenean banatzeko. Federik gabeko jendea ere afaltzeko edo parrandarako elkartzen da. Ez baita derrigor familiarekin elkartu behar Gabonak Gabon izan daitezen. Ia ez dut ezagutzen guztiari ihes egiten dion jenderik, abenduaren 24an eta 31n bakarrik afaldu eta lo lasai egiten duenik. Lortzen dutenei miresmena zor diedala iruditzen zait.
Energia krisia dugu, mundua gainpopulatuta dago, klima aldaketa sukalderaino sartu zaigu... ez dago ospakizun etikoetarako azalpen koherenterik. Berriz ere geurekoikeriak eta bizirauteko egiten dakigunak aginduko dute gure urte amaierako ospakizunetan.