Jazarpena
Denok larritu gaitu, noizbait, eskola jazarpenari buruzko berriren batek. Guztiok irudikatu dugu, inoiz, umearen babesgabetasuna bere borreroen aurrean: inpotentzia, haserrea eta konponbiderik bilatu ezina. Beti pentsatzen dugu jazarpena urruti gertatzen dela, baina gure ondoan ere izaten dira kasuak, eta, askotan, guk maite ditugun umeak ez dira biktimak izaten. Zer egin, baina, norbere umea beste ume batzuei bizitza izorratzen ari denean? Nahi nuke izan konponbide magikoa, baina ez daukat. Dakidana da, ordea, arazoren bat duten umeak edo desberdina izateko beldurra dutenak borreroarekin aliatzen direla haiek baino ahulagoak direnen kontra. Bai, biktimak askoz ere gutxiago dira erasotzaileak baino. Biktima bakoitzeko, hainbat biktimagile izaten dira. Errazagoa da, beraz, gure inguruan borreroak izatea biktimak izatea baino. Proportzioan, aukera gehiago ditugu beste ume bati amesgaiztoak sorrarazten dizkion lagun bat izateko amesgaiztoak dituena izateko baino. Ez dugu halakorik ikusten, hala ere. Ez dugu horretaz pentsatu ere egiten.
Politikoki zuzenak gara guztiok, eta badakigu zer den gaizki. Inertziaz, instintuz edo pentsatu gabe egiten ditugun gauzetan, ostera, gutxitan izaten gara zuzenak. Askotan pentsatzen dut guraso askok gezurrak esaten dituztela beren seme-alabei buruz, eta etxean dituzten munstroak elikatu egiten dituztela. Edo beren munstrotik sortutako munstro txikiak hezten dituztela. Zaila da arazoa non dagoen zehaztea: etxean, kalean, eskolan… Kontua da ia leku guztietan bizi dugula indarkeria, baina indarkeria inoiz ez da gauza etereoa. Indarkeriak izen-abizenak izaten ditu, eta guri gertatzen zaigu beste norbaitek hala nahi duelako. Edo guk erabiltzen dugu beste norbaiten kontra hala nahi dugulako. Konponbidea zaila da, baina, agian hasi behar genuke identifikatzen gure inguruan dauden guztiak ez direla biktima edo biktimagai.