Katixa Agirrek ‘Berriz zentauro’ eleberria (Elkar) kaleratu du
Idazle gasteiztarrak etorkizun hurbilean kokatu du istorioa, XXI. mendearen erdialdera. Paula Pagaldai protagonistak errealitate birtualeko enpresa batean egiten du lan, proiektu pedagogikoak sortzen; eta Parisera joan da Mary Wollstonecraft idazle feministaren bizitza ikertzera. Han igaroko duen egun gero eta aluzinatuago batean, hainbat pertsonaia ezagutuko ditu, egiazkoak zein birtualak. Idazleak zientzia fikzioaren elementu batzuekin jokatzen duen arren, pertsonen arteko harremanek pisu berezia dute kontakizunean, eta protagonistaren ibilerek zer pentsatua ematen dute hainbat gairen gainean: generoen arteko muga zurrunak eta horiek gainditzeko aukerak, iraganarekin dugun harremana, bikote batek irauteko dituen zailtasunak, errebeldiaren eta erosotasunaren arteko oreka zaila…
ZU NON, HAN DA! proiektuari esker, Durangoko Azokak jarraipena izango du abenduaren 12tik 23ra. Behin Landako gunea itxita, bertan eskuragarri egon diren nobedadeak Euskal Herriko hainbat liburu dendatan ere egongo dira, baina aurten liburu aurkezpenak ere antolatuko dira sortzaileen eskutik, lehenengo aldiz. Iaz, Euskal Herri osoko 150 liburu dendak hartu zuten parte egitasmo honetan, eta oraingoan ere 100 baino gehiago izango dira.
JOANES ETXEBERRI ANDEREÑOEN ERRESIDENTZIA
Pakita Arregi Goenaga
Txertoa, 2022
1960ko hamarkadan nabarmen zabaldu zen ikastolen mugimendua. Ikastola aitzindari haiek irakasle euskaldunak eta prestakuntzadunak behar zituzten, eta horrela sortu zen Andereñoen Erresidentzia hura (1964-1973), non-nahi eratzen ari ziren ikastolak irakaslez hornitzeko benetako harrobia. Liburu honetan, Erresidentziaren zuzendaria izan zen Pakita Arregik modu xume eta naturalean kontatzen du haren historia.
TXIKLE BAT MARRUBIZKOA
Igor Mercado&Alber García
Erein, 2022
XVI. Peru Abarka Album Lehiaketaren irabazlea da liburu hau. Mercadoren kontakizuna herri txiki batean kokatuta dago, San Juan gauean. Dena dago prest: egurrezko metak eta autotxokeak, gizonak tabernarako gogoz, umeak eta gaztetxoak harat-honat. Ospakizun giroa, ordea, edozein momentutan nahas liteke. Garcíaren ilustrazio iradokitzaileek, gainera, misterio puntua gehitzen diote narrazioari.