Txoperenak ezkutatu nahi direnez idatzi du nobela
Maddi Ane Txoperena Iribarrenek Ez erran inori (Elkar) nobela argitaratu du. Idazleak gai mingarria jarri du mahai gainean, haurtzaroan bizilagun batek eragindako sexu abusua pairatu zuen neska baten istorioa kontatu baitu. Gertakaria memoriako zoko batean erdi baztertua eduki arren, gaztaroan trumilka datozkio irudiak gogora Lide protagonistari. Oroitzapenetik askatu nahian, sexura joko du ihesbide bila, drogara, sorgortasunera... baina piztia hor da beti eta ez dio bakerik eman nahi. Egileak gaiaren gaineko ezagutza sakona erakutsi du kontakizunean, “zoritxarrez, hurbilegi” bizitzea egokitu zaion kontua delako; hala ere, argi utzi du gertakariak nahiz pertsonaiak fikzio hutsa direla. Txoperenak 2020ko Igartza Literatura Sorkuntzako Beka irabazi zuen eleberri honen proiektuarekin.
ZIBURUKO PILOTA PLAZAN eginen da, ekainaren 4an, 3. Euskal Liburu eta Disko Azoka, Baltsan elkarteak eta Argia aldizkariak antolatuta. “Euskal giroak egun oso batez Ziburuko plaza hartzea” da haien xedea, “euskal liburu eta diskoen aniztasuna eta aberastasuna erakusteko”. Hala, liburugintza arloko 24 argitaletxek eta musikaren esparruko 9k hartuko dute parte Azokan. Ekitaldia indartzen ari dela erakusten dute datuek, iaz baino 11 argitaletxe gehiago izanen direlako, eta lehen edizioan baino 16 gehiago.
HIRI ZURIAREN ISILTASUNA
Eva Garcia Sáenz de Urturi
Alberdania, 2021
Tasio Ortiz de Zarate arkeologo famatuak kartzelan pasatu ditu azken 20 urteak, Gasteiz hiri lasaia gogor astindu zuten hilketa bitxien egilea delakoan. Irteteko lehen baimena lortzekotan denean, ordea, hilketak hasiko dira berriz hirian. Unai Lopez de Aiala inspektore gazteak hartuko du bere gain kasua. Profil kriminaletan aditua da, eta hiltzaileari aurrea hartzeko obsesioak bizi du.
BRETXA
Toti Martinez de Lezea
Erein, 2022
Donostia, 1813. Gerra galduta, frantses armada erretiratzen ari da. Bost urteko okupazioaren ondoren, donostiarrek ilusioz eta beldurrez espero dute etorkizuna: hirian gelditu ala alde egin? Maritxu Altuna txokolategileak, alarguna eta alaba baten ama bera, gelditu eta negozioari eustea erabaki du. Orduan ere, biztanleria zibilak jasan zituen gerraren zorigaitzak, eta haren historia da honako hau.