EHUko Agustin Arrieta Urtizberea irakaslea Filosofiako bere ikasleekin izandako elkarrizketa eta eztabaidetan oinarritu da Ereinek argitaratutako liburu hau idazteko. Elkarrizketa formatua aukeratu du, halaber, kontakizuna osatzeko, eta herri txiki batean antolatutako kongresuaren testuinguruan kokatu ditu lau gazte protagonistak: egunez hitzaldiak entzun ondoren, gauero solasaldia egiten dute. Iritzi eta uste ezberdinak badituzte ere, errespetu osoz, enpatiaz eta nork berea defendatuz gai eta auzi askori buruz eztabaidatzen dute: egia, zientzia, erlijioa, maitasuna, sexu generoa, artea, fikzioa, adierazpen askatasuna, balioak, zoriontasuna... Elkarrizketaren eta eztabaidaren ahalmenak erakutsiz, nork berea adierazteko eta bestearena entzuteko gonbita egiten dio idazleak irakurleari liburu honetan.

JULENE AZPEITIA (1888-1980) idazle zumaiarraren bizitza eta obra ikertuta, Askatasun eguzkia baino beharrago (Manuel Larramendi Kultur Bazkuna) liburua plazaratu du Xabier Altzibarrek. Nortasun aberatseko emakume aitzindari baten ibilbide oparoa erakutsi du, Gerra Zibilak eta frankismoak bete-betean zartatu eta ezkutatua. Hala, argitara ekarri du euskal literaturaren historian ibilbiderik luzeenetakoa izan duen idazle eta pedagogia adituaren sorkuntza: iritzi artikuluak eta, batik bat, ipuinetan islatu zuen literaturgintza bikaina.

AMETSEN TRAFIKATZAILEA

Andoni Urzelai

Elkar, 2022

Nobela honetako protagonista naturaren kapritxoz sortu zen burutik elbarri, eta, nerabe tonto bezain harroa bihurtu zenean, berehala sinetsi zuen irabazteko jaioa zela. Besteen ahuleziak ezagutu eta menderatzeko, psikologia ikasketak egin eta etorkizuneko almanakeetan bere izena letra larriz idaztea du amets jada doktore bihurtutakoak... Eldarnioa bizitzeko gonbidapena da nobela haluzinagarri hau.

ESAN GABE DOA

Asel Luzarraga

Txalaparta, 2022

Hamar urte dira Sakau herrialdea iraultza baten ondorioz desagertu eta Askayala sortu zela. Tentsioa, ordea, ez da aienatu, nazioarteko aliantza baten inbasioaren mehatxua bizi-bizi dagoelako. Ohi denez, balizko gerrako lehen frontea informazioa da, asko dago jokoan: batzuentzat itxaropen dena mehatxu da beste batzuentzat. Eleberri hau utopia da, Latinoamerikako errealismo magikoak zipriztindua.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.