‘Alderray’, Tartean konpainiaren hurrengoa
Istorioak kontatzeko tradizio errotuari erreparatu dio Tartean konpainiak martxoan estreinatuko duen Alderray lanean. Bi pertsonaia ditu protagonista: Alderray izeneko istorio kontalari alderrai eta beteranoa, batetik, eta, haren mireslea izateaz gain, haren ondoan ofizioa ikasi nahi duen neska gaztea, bestetik. Bizitzak misantropo garratz eta asoziala bilakatu badu ere, Alderrayk azkenean alboan hartuko du neska, morroi gisa. “Narrazioen narrazio bat” izango balitz bezala egituratua, itxuraz independenteak diren kontakizunen bitartez garatuko da. Patxo Telleriak idatzia, Telleriak berak zuzendu du, Jokin Oregirekin batera. Mikel Martinezek jokatzen du kontalari zaharraren rola, eta Sandra Fernandez Agirrek morroiarena. Martxoaren 9an eta 10ean izango da estreinaldia, Bilboko Arriaga Antzokian. Ondoren, leku askotan ikusi ahal izango da: 18an, Leioan; apirilaren 7an, Santurtzin; 27an, Iruñean; maiatzaren 13an, Basaurin; 20an, Gernikan...
Ibilki badabil dagoeneko
Ekainera bitartean, Ipar Euskal Herrian euskarazko antzerkia ikusteko aukera eskainiko du Ibilki programaren 10. edizioak. Otsailaren erdialdean abiatu zen EKE Euskal Kultur Erakundeak Iparraldean euskarazko antzerkia zabaltzeko antolatzen duen programa. Hamargarren edizioan, zazpi konpainiaren dozena bat emanaldi eskainiko dute sei herritan. Otsaileko hitzorduen ostean, hauek izango dira hurrengoak: martxoaren 6an, Eleka konpainiaren Iki Mihi Klik Donibane Lohizunen; apirilaren 2an, Huts Teatroaren Atzerrian lurra garratz Azkainen; 3an, herri berean, Axut! taldearen Amua; maiatzaren 13an, Azkainen, Huts Teatroaren Atzerrian lurra garratz; 21ean, Hendaian, Rouge Elearen Hemen gaude, dena ongi; 22an, berriz Hendaian, Jour de fête konpainiaren Besteen kalea; eta, ekainaren 28an, Eleka konpainiaren Iki Mihi Klik Biriatun.
APIRILAREN 4ra arte, 2021ean ekoitzitako 9 film labur ikusi ahal izango dira 29 herritan, Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako XIX. Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariari esker. Honako lan hauek ikusi ahal izango dira: Iban del Camporen Serendipia, Paula Iglesiasen Lanbroa, Jose Luis Lopezen Falta zaizuna, Naia Aizpuruaren Hurrengo geltokia, Amaia San Sebastianen Rewing, Aitor Alberdiren Turnoka, Josu Martinezen Subandilla, Sergio Martinezen Itsaso, eta Alba Romeraren eta Rony Levozen Itsasoaren mugimendua. Zuzendariekin solasaldiak ere izango dira hainbat emanalditan. Egitarau zehatza ezagutzeko, jo hona: https://irudienea.topagunea.eus/egitasmoak/laburbira/.
WORDLE jokoaren ondoren, antzeko beste joko bat euskaratu du Talaios kooperatibak: WordlEH: https://worldleh.talaios.coop/. Jokoan, egunero, Euskal Herriko udalerri bat asmatu behar da, zazpi saialditan. Lagungarri moduan, udalerriaren silueta dugu. Ekinaldi bakoitzean, asmatu behar dugun herria ipini dugun herritik zenbat kilometrora eta zein noranzkotan dagoen esango digu jokoak, baita zenbat gerturatu garen ere, ehunekotan. Jatorrizko jokoa, Frantziako garatzaile batek sortua, nazioarteko herrialdeekin jokatzen da.
EUSKAL ENCONDINGS, YouTuben kanala sortuta, edukiak igotzen hasi da bertara. Euskarazko ikus-entzunezkoak partekatzen dituen komunitate irekia da Euskal Encondings (www.euskal-encodings.eus), eta sarean topa daitekeen euskarazko film eta telesailen biltegirik handiena dauka. Gazteek gero eta euskarazko eduki gutxiago ikusten dutelako kezkatuta, edukiak webgune horretan paratzen hasi da, hala euskarazko proposamen gehiago egingo dituelakoan. Euskal Encondings - YouTube du izena kanalak.
GASTEIZKO Oihaneder Euskararen Etxeak bigarren urtez antolatutako Taulara mikroantzerki lehiaketaren irabazleak ezagutarazi dituzte: Benan Oregi Iñurrietaren Ezkaba 1938-k irabazi du jatorrizko lan onenaren saria; bigarren saria Ainhoa Ordoñezen eta Erik Perianesen Oroitzapen gorriak lanak jaso du; eta Anaiz Mendibouren eta Iratxe Gallardoren Titapia lanak hirugarrena. Martxoaren 27an aurkeztuko dituzte hirurak Oihanederren bertan.
INGURUNE digitaleko terminologia argitzea du xede IDE Ingurune Digitaleko Hiztegi Eleaniztunak: ide.eus. Terminoen euskarazko definizioak ematen ditu, irudiz eta informazio gehigarriz hornituta. Horrez gain, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko baliokideak ere jakinarazten ditu. Oraingoz, bost ataletan sailkatutako kontzeptuak biltzen ditu: Internet, informatika, sare sozialak, telekomunikazioak eta zibersegurtasuna. Aurrerantzean, atal gehiago gehituko dizkiote, baita kontzeptu gehiago ere. Azkue Fundazioak eta Elhuyarrek abiatu dute hiztegia, Euskaltelen eta PuntuEus-en babesarekin.