Adriana Bracciale eta Mario Felipe Cancino, 24. Korrikaren Etxepare bideo-lehiaketaren irabazleak
Etxepare Euskal Institutuak AEKrekin batera antolatzen duen lehiaketak baditu irabazleak: Adriana Bracciale eta Mario Felipe Cancino, Boloniako Unibertsitateko ikaslea eta Santiagoko Euskal Etxeko kidea, hurrenez hurren1. Haiek bidalitako bideoek jaso dituzte ’Atsegin dut2’ gehien, bakoitzak bere kategorian. Sari moduan, AEKk antolatutako online barnetegi pertsonalizatua jasoko dute.
Europako, Ozeaniako eta Ameriketako unibertsitateetako eta euskal etxeetako 40 parte-hartzaile lehiatu dira Korrika Munduan ekimeneko edizio honetan, nork jaso atsegite gehien. Esan bezala, unibertsitate-sareko bideo bozkatuena Boloniako Unibertsitateko ikasle Adriana Braccialerena izan da (68 ‘Atsegin dut’); eta euskal etxeen sareko bideo bozkatuena, berriz, Mario Felipe Cancinorena (947).
Jakina denez, 24. Korrikak Euskal Herriko kaleak zeharkatuko ditu, Atharratzetik Bilbora, martxoaren 19tik 29ra, baina ez dira gutxi, gure mugetatik kanpo egon arren, euskararen aldeko ekimenarekin bat egiten ari direnak. Tartean, Etxepare Euskal Institutuaren irakurletza-programetan dabiltzan ilasleak eta munduan zehar barreiatuta dauden euskal etxeetako hainbat lagun. Bideo-lehiaketa hau Etxeparek mundu osoan dituen irakurletza3-programetako ikasleentzat eta euskal etxeetako euskara-ikasle eta komunitateentzat da, munduko euskara-ikasleek Korrikari babesa erakusteko aukera izan dezaten. 24. Korrikaren YouTubeko kanalean daude ikusgai partaide guztien bideoak, irabazleenak barne.
1. Hurrenez hurren: ordena horretan, hurrenkera horretan.
2. Atsegin dut: gustuko dut, gustatzen zait, like.
3. Irakurletza: lectorado (es), lectorat (fr).
