“Etxean ezer esan gabe hasi nintzen antzerkia ikasten, ezkutuan”
Sambou Diaby
Aktorea
Galtzak bete lan dabil Diaby Oikiarra. Batetik, Artedramarekin biran, Miñan antzezlanean Ibrahima protagonista nagusia gorpuzten. Bestetik, Faisaien irla (Asier Urbieta) filmeko protagonista ere bada. TAE Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean ikasia, batik bat telebista lanetan aritu izan da orain arte aktorea. Besteak beste, Altsasu eta Itxaso telesailetan parte hartu du. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Foku.
Miñanen emanaldiak, orain Faisaien irlaren estreinaldia... Atseden hartzeko denborarik bai?
Gutxi. Emanaldi dezente edukitzen ditugu segidan; hortaz, bi jaiegun edukiz gero, ahal beste deskantsatzeko aprobetxatzen dut. Baina ongi, oso pozik nago.
Miñanek ibilbide luzea egin du dagoeneko. Zer moduz?
Oso ongi. Hasi ginenetik, uste dut 27.000 pertsona inguruk ikusi dutela (elkarrizketa apirilaren 6an egin genuen). Hilabete batzuk nahiko gogorrak izan dira, emanaldiak egun askoan jarraian izan ditugulako, baina beste batzuk lasaixeagoak. Publikoaren aldetik oso harrera polita izaten ari da, jendeak oso gustukoa du, eta antzokiak betetzen ari dira.
Emanaldietatik jendea gustura ateratzen ari da, baita negarrez ere batzuk...
Pila bat. Azken finean, istorio gogorra da. Niri ilusioa egiten dit halako istorioa publikoarengana iristeak. Horrek esan nahi du, halaber, guk halako istorio bat, transmititu beharrekoa, nahiko ongi transmititzen dugula. Gainera, obra ikustera datorren publikoa askotarikoa da. Gazte asko etortzen da, adibidez, eta hori ere oso pozgarria da.
Miñanen, Ibrahima Balderen bizitza kontatzen da, Gineatik Europara iristeko pairatutako sufrikario eta bidegabekeria guztiak. Oso bizipen gogorrak dira. Eragiten dizute?
Nik ez dudanez halakorik bizi izan, Ibrahimaren pertsonaian sartzeko unean pixka bat zaila egin zitzaidan nola kontatu aurkitzea eta haren bizipen horiek guztiak irudikatzea. Antzezlanean, asko laguntzen dit trantze moduko batean sartzeak, hasieratik bukaerara Ibrahimaren munduan eta hark bizi izandakoan bete-betean sartzeko. Ordu eta erdiz hitz egiten dut oholtzan, eta emanaldia bukatu ondoren denbora pixka bat behar izaten dut lasaitzeko.
Ibrahimak bizi izandakoa ez zaizu arrotza egiten, ezta?
Nire aitak ere horrelako bidea egin zuen; berdina, esango nuke. Hark ere basamortua zeharkatu zuen, eta Libian ere ez dakit zenbat denbora egon zen, bertan harrapatu zutelako. Diru kopuru bat ordaindu arte han egon zen, ordaindu eta gero lortu zuen aurrera egitea. Aitaren esperientziak asko lagundu dit Ibrahimak bizi izan duen hori gorpuzteko orduan.
Antzerkian lehen lan profesionala duzu. Zer moduz daramazu?
Emanaldi asko eskaini ditugu. Antzerkian modu profesionalean jardutea nolakoa den ere ez nekien, bira bat egitea eta... Denborarekin ohitu naiz, baina nahiko neketsua da. Ordu eta erdi agertokian, ia egunero... Gozatzen ari naiz, gauza on asko ekarri dizkit; dena dela, nahiago dut zinema.
Faisaien irlan ere protagonista nagusi. Pozik?
Oso pozik. Altsasu telesailean ezagutu nuen Asier Urbieta zuzendaria, eta azken egunean aipatu zidan bizpahiru urtera-edo adi ibiltzeko, buruan bazuela zer edo zer, eta agian deituko zidala. Kristoren oparia izan da Jone Laspiurrekin batera protagonista izatea.
Etxean artista zarela barneratu al dute? Ongi daramate?
Orain, bai. Emaitzak ikusten ari dira, eta horrek ere lasaitzen ditu. Aitak esaten zuen mundu zaila dela, eta ez nuela lortuko, hasieran ez zuen onartzen. Nik, antzerkia ikasi nuenean, lehenengo urtea ezkutuan egin nuen, etxean ezer esan gabe. Bigarren urtetik aurrera hori nahi nuela barneratu, eta honela esan nion aitari: “Honetan hasi naiz eta hau izango da nik egingo dudana, eta kito”. Orain, emaitzak ikusten ari denez, onartzen ari da. Adibidez, Miñanen estreinaldira etorri zen eta izugarrizko ilusioa egin zion. Halako istorioa kontatzeagatik eta... Bai, bai, orain, ongi!
Egia da Will Smith-ena dela zu aktorea izatearen “errua”?
Bada, bai. Txikitan, The Fresh Prince of Bel-Air telesaila asko gustatzen zitzaidan, eta Will Smith ikusi nuenetik esaten nuen bera bezalako aktorea izan nahi nuela. Hark piztu zidan aktore izateko grina.
DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Musikak.
Eta tristatu? Asperdurak.
Zerk eragiten dizu barrea? Ia edozer gauzak, nahiko alaia naiz.
Eta negarra? Oso sentibera naiz; pelikula erromantikoekin, adibidez, negar asko egiten dut.
Zerk haserrearazten zaitu? Gehienbat, agian, nahi dudana ez lortzeak.
Bizio bat: Dantza eta abestea.
Plazer txiki bat: Zumaian bizi naizenez, hondartzan ilunabarra ikustea.
Eta sekulako plazer bat? Hanburgesak.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Aktorea.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Batxilergoa bukatu aurretik, Filosofia ikastea pentsatua nuen, beraz, ez nuke filosofoa izan nahi.
Aktore bat: Idris Elba.
Oholtza, pantaila handia ala txikia? Pantaila handia.
Zein rol edo pertsonaia jokatuko zenuke gustura? Astronautarena. Zientzia fikzioa, izarrak eta horrelako gauzak asko gustatzen zaizkit; Interstellar da nire film gogokoena, beraz...
Bizitzeko leku bat? Zumaia bera. Polita da eta.