“Meteorologiak eragiten didan pasioa kutsatzen saiatzen naiz”
Arnaitz Fernandez
Eguraldi aurkezlea
Txikitatik geratzen zen “txundituta” fenomeno meteorologikoen aurrean, eta horregatik ikasi zuen Fisika EHUn. Fernandezek (Iruñea, 1995) haurtzaroko bi pasio batu ditu bere jardunean: eguraldiaren iragarpena eta komunikazioa. Oso gaztetatik aritu izan da horretan, lehenik sare sozialetan eta ondoren hainbat hedabidetan, nagusiki telebistan. Espainiako telebista publikoan lan egin ostean, ETBn ikus dezakegu orain. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Eitb.
Zer zara, meteorologoa ala meteo eroa?
Agian, bigarrena zailago daukat lehenengoa baino. Meteorologo kontzeptua zehaztea zaila da. Esaterako, AEBetan badaukate Meteorologia karrera. Hemen, aldiz, ez, atmosferako fenomenoak aztertzen dituen zientzia Fisika baita. Hortaz, fisikaria naiz; baina, beste alde batetik, meteorologiaren oso zalea, horregatik meteo eroa ere bai.
Eguraldia iragarri eta, aldi berean, erakutsi. Dibulgazioari garrantzi handia ematen diozu.
Bai. Batez ere, meteorologiarekiko nire pasioa kutsatzen saiatzen naiz. Horretarako, dibulgazioa modu errazean egitea da nire helburua. Batzuetan lortzen dut, baina beste batzuetan ez da hain erraza. Halere, askotan feedbacka nahiko ona izan da, eta badirudi jendeari asko gustatzen zaiola.
Klima aldaketarik ez dagoela, fumigatzen gaituztela... inoiz baino beharrezkoagoa da dibulgazioa?
Bai. Bereziki garaiotan, sare sozialen zabalkuntzaren ondorioz, askoz errazagoa zaie horrelako mezuak zabaltzea. Horren aurrean, geuk ere sare sozialak erabil ditzakegu gure mezua hedatzeko eta, zientzia lehen lerroan jarrita, mezu horiei aurre egiteko. Ez da erraza, azkenaldian fake news-ak eta oso modan daudelako, baina hain zuzen horrexegatik da egun, XXI. mendean, dibulgazio lana oso garrantzitsua.
Euskal Herrian eguraldiaz hitz egitea kirol nazionala da?
Baietz esango nuke. Askotan pentsatu izan dut zergatik dudan halako zaletasuna meteorologiarekiko eta Euskal Herrian zergatik dagoen hainbesteko interesa, eta uste dut argi dagoela: eguraldi eta klima mota asko dauzkagu gurean, eta horrek historian zehar, nekazariei eta abeltzainei, adibidez, asko eragin izan die. Nik uste hortik datorrela, eta gaur arte iraun du.
Eguraldi iragarleak badu hanka sartzeko eskubidea?
Meteorologian, atmosferari buruzko iragarpenak egitea ekuazio fisiko batzuk ebaztea da, berez. Kalkulu horiek munduko ordenagailurik adimendunek egiten dituzte, horietatik hainbat eredu meteorologiko ateratzen dira, eta gure lana eredu horien analisia egitea da. Hortik aurrera, ikusleari mezua hobeto edo okerrago iristea zailagoa edo errazagoa izan daiteke, eta, unearen arabera, ezberdina. Hortaz, bai, badugu hanka sartzeko eskubidea, zer eguraldi egingo duen ezin dugulako % 100ean jakin.
Igogailuan eguraldiaz hitz egiten duzu?
Euskal Herrian ohikoa da igogailuan eguraldiari buruz hitz egitea, eta niri ere berdin gertatzen zait. Eguraldiaz galdetzen didate, eta txantxetan esan ohi dut igogailuan isobaren mapa ateratzea gustatuko litzaidakeela, eguraldiaren gainean hitz egin behar badut, nire isobarekin azaltzeko.
Tenporak eta antzekoak. Kasu egin behar zaie?
Gaur egun daukagun metodorik fidagarriena zientzia da, zalantzarik gabe, eta jendea konturatu da azken hamarkadetan nola hobetu diren iragarpen meteorologikoak. Izugarria izan da hobekuntza, batez ere teknologiaren hobekuntzari esker. Bestela, Euskal Herrian, adibidez, tenporak erabili izan dira. Ez daukate oinarri zientifikorik, beraz, jendea libre da horietan sinesteko ala ez. Horrelako iragarpenak leku ofizialetan erabiltzen ez badira, arazorik ez. Arazoak datoz halakoak asko zabaltzen direnean eta jendeak bere bizitza haien arabera antolatzen duenean, nolabait. Bestalde, Euskal Herrian nekazariek ezagutza handia dute naturaren seinaleak interpretatzeko. Horrela aurreikuspen batzuk egiteak badu oinarri zientifikoa, eta nekazariek asko dakite horretaz.
Zuretzat, zer da eguraldi ona?
Alde batetik, klima aldaketaren testuinguru honetan, niretzat eguraldi ona da klimak esaten duena egitea, gutxi gorabehera. Euskal Herrian, esaterako, neguan hotza eta udan beroa. Toki bakoitzean bertako klimari dagokion eguraldia egitea, eta unean unekoa. Nire gustuei dagokienez, asko gustatzen zait udan beroa eta eguzkia egitea. Baina udako ekaitzak ere gustuko ditut, hortaz, goizean eguzkia eta arratsaldean ekaitz polita, primeran. Elurzalea ere banaiz, oso, elur malutak erortzen ikustea oso gustuko dut.
DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Gauza askok. Adibidez, egoera meteorologiko interesgarria edukitzeak.
Eta tristatu? Inguruko norbait sufritzen egoteak.
Zerk eragiten dizu barrea? Gauza askok. Lanean sortzen diren txutxu-mutxu barregarriek, kasu.
Eta negarra? Gertuko pertsonei zerbait txarra gertatzeak.
Zerk haserrearazten zaitu? Errespeturik ezak.
Bizio bat? Txokolatea.
Plazer txiki bat? Jendeak zure lanarengatik zoriontzea.
Plazer handi bat? Fenomeno meteorologikoak aztertzea edo behatzea; ekaitz baten aurrean jartzea, adibidez.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Eguraldi aurkezlea.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Herrialde baten arduraduna.
Urtaro bat? Denak, baina negua esango dut.
Meteorologo bat? Jose Miguel Viñas.
Fenomeno meteorologiko bat? Elurra esango nuke, baina aldatu egingo dut: ekaitza.