Beldurra
Denok gaude sexu erasoen kontra. Edo hala dirudi, behintzat. Gure herritik urrun gertatzen direnean, lasai joaten gara manifestazioetara eta lasai esaten dugu biktimari sinetsi egiten diogula. Gauzak aldatu egiten dira, ordea, erasoak gugandik hurbil gertatzen direnean. Eguneroko bizimoduan deserosoak diren egoerak saiheste aldera, edo gure laguna babestu nahian, edo ez dakit zergatik, batzuetan biktima zalantzan jartzen dugu. Zerbaitek beldurtzen gaitu erasotzailea seinalatzeko orduan. Eta seinalatzea diodanean, ez naiz kalean doala atzamarra haren norabidean luzatzeaz ari: haren izen eta abizena, estatus soziala zein ogibidea direnak izanda ere, erasotzailea dela onartzeaz baino. Lehenengo gure buruari, gero munduaren aurrean eta gero behar den edozein esparrutan. Egin badu, egin du. Eta harekin harremana hautsi behar badugu, hauts dezagun.
Gure inguruan gertatu den kasu batek kendu dit loa abenduaren 17tik hona. Hiru urtez bortxatu zuen saskibaloi entrenatzaileak adingabeko bat. Hiru urtez. Gogoan daukat sanferminetako talde bortxaketaren harira elkarretaratze jendetsua egin zenean, mundu guztiak sinesten ziola biktimari. Orain, zergatik ez? Zergatik jartzen dugu zalantzan? Zergatik da arazo hogei urteren ostean salatu izana? Zergatik hitz egiten digute errugabetasun printzipioari buruz? Zergatik hitz egin nahi dute onarpenari buruz? Zergatik jasan behar dugu erasotzailearen harrokeria? Haizeari egiten dizkiogun galderak baino ez dira. Izan ere, hiru urtean ume bat inpunitate osoz bortxatu duenak leku segurutzat dauka mundua, eta nahi duena egiten jarraitzeko zilegitasuna ematen dio bere buruari. Biktimak ez du toki segururik egundo inon aurkitu, ordea. Eta, hala ere, seinalatua eta zalantzan jarria da. Zergatik? Gauza askoren beldur izanda ere, ez genuke erasotzaileak salatzeko eta horixe direla onartzeko beldurrik izan behar. Bestela, haiek beldurtuko gaituzte.