Langileei eskubidez dagozkie oporrak. Ez dezagun ahaztu Jaungoikoak ere deskantsua hartu zuela zazpigarren egunean, nahiz eta ahalguztiduna izan. Langile guztiok behar eta merezi ditugu oporrak. Borroka handien ondorioa dira bost eguneko lan astea eta hilabeteko oporrak. Behin eta berriro errepikatu behar genioke geure memoriari ezer ez digutela berez eman: dena borrokatu behar izan dugu. Azkenaldian, hala ere, irudipena daukat oporrak eta bidaiatzea nahastu egiten ditugula. Hau da, oporrak eskubidea eta beharra dira, baina bidaiatzea ez horrenbeste. Ulertzen dut kanpora joateko beharra izaten dugula askotan, baina ez dut uste eskubidez dagokigunik. Bidaiatzea mundu osoan gutxi batzuok balia dezakegun pribilegioa da. Eta pribilegio hori demokratizatu ahala, hegaldien prezioak jaitsi ahala, bidaiatzeko moduak hedatu ahala, gero eta erokeria handiagoak egin ditugu. Ostiral gaueko 22:00etan Londresera abiatu Bilbotik eta igandean gaueko 21:00etarako itzuli. Ingalaterrako hiriburuan erosketa batzuk egiteko edo garagardo batzuk edateko beharrak sekulako arrasto ekologikoa sortu du azken urteetan.
Orain, hegaldiak garestitu egingo direla esaten ari zaizkigu, eta nire inguruan zenbait larritzen hasita daude. Ez nago ni bizimodua garestitzearen alde. Ez, behintzat, soldatak garestitzen ez badira! Kontua da gauzak egiteko izan ditugun zenbait modu aldatu egin beharko ditugula, eta, agian, bidaiak astiro egiteko unea iritsi zaigu. Joan, egon, ikusi, laztandu, usaindu, dastatu eta gero etxera. Bakoitzaren erabakia da lanera ez doan egun horiek nola erabili, jakina, baina ez dago oso urrun joan beharrik bidaiatzeko eta ez dago bidaiatu beharrik oporrez gozatzeko. Hori esanda, egin dezala norberak egokien iruditzen zaiona eta, edonon zaudetela ere, gozatu bidaiaz egonaldiaz bezainbeste!

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.