Eskertu al duzu pandemiaren kontrako neurriak gutxitzea?
Pandemia aurreko bizimodua gertuago dagoela dirudi. Adibidez, urriaren 1ean, Nafarroan bertan behera geratu ziren pandemiaren aurka hartutako neurri murriztaile gehienak. Zehazki, edukierak, ordutegiak eta talde bilkurak mugatzen zituztenak indargabetu zituen Nafarroako Gobernuak. Eguneroko bizimoduan normaltasuna berreskuratzeko urratsa izanda, nola hartu duzue egoera berria?
Tafallako AEK-ko B2 taldea
1. Jesus Delgado
Uste dut egoera berria hobea dela, baina ez da egoerarik onena. Normaltasuna lortzeko, zenbat denbora pasatu behar da? Hau da geure buruari egiten diogun galdera. Eszeptizismoz hartu dut egoera berria.
2. Marta Gomez
Oso pozik nago egoera berriarekin, batez ere horrek esan nahi duelako pandemia, azkenean, bukatzen ari dela, eta hori ospatzekoa da. Guztiok lehen bezala sentitzeko irrikan gaude, eta laster lortzea espero dut.
3. Paula Jimenez
Ni irrikan nengoen pandemiako neurriak kentzeko, jendearekin egoteko, gehienbat. Denbora gehiegi daramagu neurriekin, eta uste dut askatasun pixka bat berreskuratzea beharrezkoa dela. Kontuz ibili behar dugun arren, egoera lehen baino hobea da orain.
4. Xabier Markotegi
Pozik nago, eta urrats gehiago egin nahi ditut. Orain txertatuta gaude, eta bakoitzak erabaki behar du zein izango den bere jokatzeko modua.
5. Joxi Gonzalez
Pozez hartu dut. Gogo handia daukat normaltasunera itzultzeko. Urrats honekin, gehiago goza dezakegu, eta pandemiaren aurreko garaia hurbilago daukagu.
6. Cristina Luqui
Kanpoan gaudenean, ez da neurririk behar, pertsona gehienak txertatuta gaude eta. Oso zaila da birusa hartzea. Beraz, ongi iruditzen zait. Uste dut eskoletako jolastokietan ez dela beharrezkoa maskara janztea. Gela barruan, ordea, bai.
7. Maitane Launbe
Poztasunez hartu dut. Batetik, lanean denbora gehiago daukagu hamaiketakoa jateko edo komunera joateko. Kontu arrunt hauek lasaitasunez egitea eskertzekoa da. Bestetik, lagunekin nagoenean, lasaiago nago, denak txertatuta gaudelako eta tabernetan elkarrekin eser gaitezkeelako.