Zer iruditzen zaizu bankuek aurrez aurreko zerbitzuak murriztea?
Gero eta zerbitzu gutxiago eskaintzen dituzte bankuek aurrez aurre, erabiltzaileak dena Internetez egitera bultzatzeko: sukurtsalak itxi, langile kopurua gutxitu, aurrez aurreko izapideei komisioak garestitu, ordutegiak murriztu... guztia galera ekonomikoen (edo irabazi gutxiagoren) aitzakian. Haserrea eragin dute neurriok, ondorio kaltegarri ugari sortu dituztelako. Besteak beste, erretiratu elkarte asko kexu agertu dira, digitalki moldatzea zailagoa zaielako eta maiz beste pertsona baten laguntza behar izaten dutelako. Zer iruditzen zaizu bankuen jarrera? Portugaleteko Xaribari AEK euskaltegiko erretiratu taldea
1. Maje Morcillo
Nire ustez lotsagarria da!!! Ez dago eskubiderik. Adineko jendeak bere aurrezkiak eduki ditu bankuetan, bankariak aberasten, eta orain horrela artatzea! Baina nagusiek borrokan jarraitzen dute. Uste dut bankuak lapurrak direla.
2. Juani Bellota
Jendeak betidanik gorde izan du dirua bankuetan. Orain egoera izugarri aldatu da. Batez ere adineko erabiltzaileak dira kaltetuak. Asko eskatzen digute bezeroei, eta gutxi eman. Neu naiz kaltetuetako bat. Gure eskubideak urratuta eta haiek harrokeriaz jota.
3. Iñaki Zamarripa
Orain gauden mementoan erabateko mendekotasuna dugu. Orduan, gutaz aprobetxatzen dira. Ez dago eskubiderik, ezta errespeturik ere. Jendea kalean itxaroten hotzak, euripean, haizetan… Ordutegi murritzak, diru gutxi atera ahal eta, gainera, gure dirua zertarako nahi dugun galdetzen digute. Artapena oso txarra da. Zer egin? Gure dirua atera?
4. Marga Morales
Publikoarekiko arreta eskasak, sukurtsalak ixteak eta kutxazain faltak egurats gorripean dauden bezeroen ilara luzeak eragiten dituzte. Kutxak gizarteari begirako zerbitzua izateari uzten ari dira. Banku elektronikoa bultzatzen dute eta bezero mota bat bazterrera eramaten dute. Argi dago, bankuak gizatasuna galtzen ari dira haien harremanetan.
5. Javi Valdivia
Amerikako konkistarekin Suitzako, Genevako eta Holandako bankariak irabazi zuten. Gero, aurrezki kutxak jaio ziren, jende arruntari eskaintza hobea egiteko, baina orain bankuak bezalakoak dira. Bi gauza bururatzen zaizkit: gobernuak behartzea manifestazio, idazki eta botoen bidez, edota gure aurrezkiak banku etikora aldatzea.
6. Txema Castresana
Banketxeei buruz dudan iritzia txarra da. Ez dut oraingoz kexarik nire aurrezki kutxa dela eta. Bankuek uste dute adinakook badakigula teknologia berriak erabiltzen. Beraien zerbitzuak motelak eta txarrak dira. Ez zaie inporta geuk denbora alferrik galtzea online bankuaren bidez, aurrez aurreko leihatilan egin beharrean.