(H)ilbeltzak, 10 urte eta 6 beka
Euskal Nobela Beltzaren Asteak 10. urteurrena ospatu du Baztanen urtarrilaren 22tik 28ra bitartean. Eusebio Erkiagaren, Jon Alonsoren eta Jon Miranderen lanak izan dituzte hizpide, besteak beste, eta, beti bezala, egitaraua (H)ilbeltza bekaren irabazlearekin hasi dute: Beñat Irastorza Ugalderen Altxa, hildakoak liburua, Fred Vargas idazle frantsesaren Les Évangélistes nobelaren itzulpena, hain zuzen. (H)ilbeltzak duela 8 urte abiatu zuen dirulaguntza, Txalaparta argitaletxearekin eta Baztango Udalarekin batera, euskal literatura beltza zabaldu eta munduko literatura beltza euskaratzeko. Hala, Joxean Oiz Arrutiren lana ere bidean da, VII. Bekari esker idatzi eta datorren urtean aurkeztuko duena. Aurtengoa Núria Cadenesen Guillem lana itzultzeko izango da, eta irabazleak 2026an aurkeztuko du.
MIKEL SOTO idazle eta editore ohiak irabazi du Tene Mujika beka, Jon Miranderi buruzko ikerketa proiektu baterako: Mirande: Herriminez, ezin-minez. Idazle paristarra eta haren obra hobeki ezagutzeko giltzak eskaini nahi ditu Sotok. Batetik, Bretainiarekin eta abertzale bretoiekin izandako harremana ikertu; bestetik, Miranderen lan ezezagunak topatzen saiatu, batik bat bretoieraz idatziak; eta, azkenik, idazlearen biografian egin diren azken aurkikuntzak bateratu, biografia osatua plazaratzeko.
ARAGUANEY LOREA
Martin de Aranezio
Ataramiñe, 2023
1961ean Maria Mercedes Antxeta euskal-venezuelar gazteari Donostian jazo zitzaionak kronika izan behar zuen, baina nobela bihurtu da, informazio ezagatik: ezin Antxetaren zuzeneko seniderik aurkitu, ez Venezuelan ez Euskal Herrian. Venezuelan ez dago Espainiako poliziarengandik jasandako torturei buruzko argibiderik ematen duen agiri ofizialik, eta Espainiako artxibo ofizialetan kasua ez da existitzen.
LOAK EZKUTATZEN DUENA
Patxi Zubizarreta
Elkar, 2023
Agustin Zubikarai saria merezi izan zuen komedia honek. Insomnioari buruzko erreportajea balitz bezala hasten da, baina laster bilakatzen da detektibe nobela, misterio, jazarpen eta guzti, funtsean gure gizartearen diagnostiko gordina egiteko. Horrekin batera, amodiozko eleberrien kutsua hartzen du, zita, sedukzio eta maite jolasekin. Guztia tonu jostalari, arin eta dotorean idatzia.