Gizon barregarriak Joxean Agirreren azken nobelan
Politika, umorea eta erotismoa nahasi ditu Joxean Agirrek bere azken eleberrian: Gizon barregarriak (Elkar). Protagonistak jubilatu ondoren aspertzen hasitako ertzainak eta komando ohi bateko kideak dira. Komandoko kideak atrakoa eta bahiketa antzeztera jolastuko dira, bi asmorekin: 40 urte lehenagoko ekintzak gogoratzea eta garai hartan atzetik izan zituzten lehen promozioko ertzainei sagardotegiko apustua irabaztea: “Egin zuek atrako bat, eta baietz guk harrapatu!”. Trama horren bidez, idazleak zahartzaroaren eta maskulinotasunaren gaineko gogoetak erakusten ditu, baita garai bateko ideal eta helburuen zimeltzea ere. Gaztetasunaren gorazarrea ere argi ageri da nobelan, gizon barregarriek adinako protagonismoa baitu Maria Mendizabal antropologia ikasle gazte eta distiratsuak.
GEURE GELATIK liburu azokaren aurtengo edizioa apirilaren 11tik 13ra egingo da Azkoitian. Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatzen ditu emakumeek euskaraz idatzitako liburuen azoka eta ekitaldiak, eta aurten Jasone Osoro idazle elgoibartarra omenduko dute. Gainera, Bizenta Mogel (1782-1854) idazle azkoitiarrari ere tarte berezia eskainiko diote, 12an hari buruzko tailerra eginez Yolanda Arrietaren eskutik eta 13an, ostera, Ipuin onak liburuko pasarteak hamar lagunen artean irakurriz.
ITZULERAK
Miren Agur Meabe
Elkar, 2023
1569. urtea da eta Garaitzeta sutan dago. Handik ihesi, 15 urteko Estefana gaztea Garrax uhartera iritsi da. Leku berera heldu dira Miriam Otalora eta Katalin eta Gontzal seme-alabak ere, Haize-Begi familia etxera, 450 urte geroago. Elkarri lotuta daude, ordea, denen bizitzak. Izan ere, Katalin gazteak, XVI. mendera jauzi egitean, Martija de Jauregi emagina eta orduko bizimodua ezagutuko ditu.
ZAKUR ZAUNKAK
Iñaki Irazu
Susa, 2023
Gerra garaiko kontuak eta ondoko urteetako behe laino beltza datoz Irazuren bigarren poema liburuan, inoiz utzi gabeko lekuetara eta inoiz agurtu gabeko jendearengana itzulitakoan. Orriotan, oroimenaren basoan dabil poeta: betiereko forma hartu duten hitzen bideetan doa aurrera, izuaren zimurrak, gauaren atzaparrak, argi orbanak, lurrazpiko gelak eta harrizko etzalekuak zeharkatuz igaroaldian.