Txomin L. Aramaio
DJ Elepunto

DJa

Disko jartzailea da Aramaio (Ondarroa, 1977). Askotariko kantuak jarri ohi ditu: “Oso eklektikoa naiz”. Ondarroako festetan hasi zen duela 25 urte, eta ordutik makina bat lekutan ibili izan da eta dabil. Bilboko Kafe Antzokian DJ egoiliarra ere bada. Beste kontu ugaritan ere aritzen da: Ondarroako Beikozini eta Portuko Ranpi aretoetan programatzaile, Zapatu Azule jai herrikoiaren eta Marabilli Sormen Festibalaren antolatzaile, Radixu irratiko kide... baita AEKn irakasle ere. Hitzorduz betetako uda hastear du. Eñaut Mitxelena.

Jendea dantzan jartzea erraza al da?
Ez beti. Gainera, ez dago “jarri hamar abesti hauek, top dira eta beti, eta jendea animatuko da” dioen formularik. Bai, abesti horiek top dira, baina unea ez, agian. Hortaz, publikoa irakurtzen jakin behar da pixka bat, jendea noiz dagoen gustura ikusteko. Eta gustura ikusten duzunean, igual ildo horretatik jarraitu, eta hain gustura ez dagoenean, aldatzen ahalegindu. Norberaren egunaren arabera asmatzen duzu ala ez...
Jendeak dantza egiten ez badu, DJaren errua al da?
Izan daiteke. Niri bi gauza gustatzen zaizkit: jendea dantzan jartzea eta jendeak abestea. Beti ez da dantzatzeko musika bakarrik jarri behar; batzuetan, beharbada, abesti lasaixeagoa jarri behar da, jendeak barruan daukana husteko. Ez badut hori lortzen, ezta jendeak dantza egitea ere, nire errua balitz bezala sentitzen dut.

Txosnetan, tabernetan, aretoetan... musika panorama asko aldatu al da?
Trantsizioa egon da lehen jartzen nuenetik orain jartzen dudanera. Ez dut uste 25 urteko ibilbidean abestiek horrenbeste denboraz jarraitu nautenik. Batzuk berreskuratu egin ditut: bere garaian ipini, gero urte askoan jaramonik egin ez, eta orain berriro oso gustuko ditut. Jendearen eskariari dagokionez, moda kontua da. Orain, reggaetoia asko eskatzen dute, trapa... Baina gehiegi aldatu denik ere ez nuke esango, ez da egun batetik bestera aldatzen den gauza. Pixkanaka gertatzen da.
Musika jartzean, jatean bezala, garaian garaikoa jartzea komeni al da?
Bai, garaian garaikoa jartzea onena. Azkenean, aurrean daukazun jendearen araberakoa da. Adibidez, Bilboko Kafe Antzokian, ostegunetan, jende oso gaztea egoten da, eta hor gaur egungoak du arrakasta, batez ere. Baina larunbat gauean eta leku berean, igual ez horrenbeste. 30, 40, 50 eta piko urteko jendeak baliteke duela 20 urte entzuten zituen abestiak entzun nahi izatea.
Binilo bildumazale porrokatua zara. Ba al dakizu zenbat dituzun?
Bi mila inguru, uste dut. Kuriosoa da: etxean, batez ere biniloan entzuten dut musika, baina autoan CDan, eta musika CD, MP3 edo stream bidez jartzen dut. Biniloak ez ditut jartzen. Halere, biniloekin txoratuta nago. Oporretara noan bakoitzean, beti begiratzen dut bigarren eskuko dendak non dauden, eta beti ahalegintzen naiz kuxkuxeatzen eta zerbait ekartzen.
Musika programatzaile ere bazabiltza. Aretoak betetzea zaila al da?
COVIDa eta gero gauzak asko aldatu dira eta, dataren arabera, zaila da, bai. Portuko Ranpin eta Beikozinin nabil, eta esango nuke urritik Aste Santura arteko garaiak oso ongi funtzionatzen duela, baina Aste Santutik aurrera, behin eguraldi ona hasten denean, jendeak nahiago du kanpoan geratu. Hori dela eta, garai horretan ez programatzen saiatzen naiz. Publikoaren erantzuna ezberdina da. Nahiz eta talde bera eraman, ez dauka zerikusirik. Beste areto batzuetako programatzaileekin berbetan, guztiok igarri dugu Aste Santu aurretik eta ondoren nahiko alde handia dagoela sarrerak saltzeko orduan. Ehunekoa dezente murrizten da.
Udako kantua existitzen al da oraindik?
Nire ustez, iazko euskarazko udako kantua Zetak-en Itzulera izan zen. Aurtengoa Etxeperen Alboka izango da.
Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko?
Ez da inoiz hilko. Mugi dezagun ipurdia!
Burua mugitzea dantzatzea al da?
Bai, nik eta ni bezalako dantzari traketsek burua eta eskuak besterik ez dugu mugitzen.

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Familiak.
Eta tristatu? Antipatikoek.
Zerk eragiten dizu barrea? Seme-alabek.
Eta negarra? Haserretzeak.
Zerk haserrearazten zaitu? Nahiko odolberoa naizenez, arin haserretzen naiz. Pasatu ere azkar pasatzen zait.
Bizio bat: Biniloak eta gominolak.
Plazer txiki bat: Bikotekidearekin garagardo bat edatea.
Sekulako plazer bat: Familiarekin oporrak.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Futbolaria, zerbait esatearren.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Polizia.
Talde edo musikari bat: Negu Gorriak eta Hertzainak.
Jendea dantzan jartzeko hutsik egiten ez duen abestia: Bat baino gehiago daude, baina Zea Mays-en Negua joan da ta kantak hainbat belaunaldi jartzen ditu dantzan.
Gustuko kantu bat: Lou Reed-en Walk On The Wild Side.
Kontzertu bat: Venezia diskotekan, Negu Gorriak eta Mano Negra.
Txosnagunea, taberna ala aretoa? Guztietan gustura. Eta leku jendetsuetan nahiz herri txikietan ere, berdin. Denetan pozik.

 

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.