“Beti izan naiz mugitu beharra duen pertsona”
Lur Errekondo
Harri jasotzailea eta aurkezlea
Harri jasotzaile, aurkezle... “nik neuk ere ez dakit neure burua hitz gutxitan definitzen” dio Errekondok (Usurbil, 1995). ETB1eko Naufragoak eta ETB2ko El Conquistador del fin del mundo saioen aurkezle, kirolari petoa da. Eskubaloian jokatu zuen, Bera Beran eta Zarautzen, baina lesioek eraginda utzi, eta harri jasotzaile hasi zen 2021ean, Izeta II.aren eskolan. Binakako Euskal Pentatloian ere ariko da, Oihana Fernandez de Barrenarekin. Gizarte hezitzailea da, Gizarte Langintza ikasten ari da eta harrera etxetan egiten du lan. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Eitb.
Lesio larrien ondorioz utzi zenuen eskubaloia. Harria jasotzen, lesioen beldurrik ez?
Ez horrenbeste. Agian, belaunetan, baina belaun babesa erabiltzen dut. Halere, ez denez eskubaloia bezain kirol bortitza, hobeto daramat.
Erraz egokitu al zara?
Bai. Beti izan naiz emakume handia eta, alde horretatik, indarra ere beti izan dut. Eskubaloiak ere lagundu dit indar hori lantzen, eta igual ez zait hainbeste kostatu harriak al-txatzeko garaian eskuak edo hankak moldatzea. Horrez gain, teknika lantzen oso zorrotza izan naiz beti, bai eskubaloian bai beste hainbat arlotan, eta harria jasotzean ere oso maniatikoa izan naiz, horrek ere lagundu dit.
Talde kiroletik bakarkakora. Aldea sumatu duzu?
Bai, izugarria. Batez ere, egiten den lanari dagokionez. Harria oso estatikoa da, etengabe egin behar duzu lan bera ongi ateratzeko, bestela oinazeak izango dituzu. Eskubaloia, aldiz, guztiz kontrakoa da: denok engranaje moduko bat izanik, komunikazioa, feeling-a eta elkarlana etengabeak dira. Harri jasotzea ez da kirol bakartia, igerilariena bezala, baina hutsune handia nabaritzen dut alde horretatik.
Tatuajeak, piercing-ak... Asko aldatzen ari da harri jasotzaileen profila, ezta?
Bai, dezente. Agian, komunikabideetan oihartzuna eman zaiolako. Lehen ere baziren herri kirolak, baina ez zitzaien egun besteko oihartzunik ematen. Harri jasotze eskoletara jende gehiago joaten hasi denetik gertatu da, nik uste. Lehen, ez zegoen halakorik; Izeta II.ak, Ostolazak eta beste batzuek eskolak ireki dituztenean, ordea, ez dakit ahoz-ahoz dabilelako edo, baina jendea probatzera animatu da. Hala, taldeak handitu eta profilak desberdinak dira, oso. Baserriko lanetik datorren kirol honetan, kalekumeok ere bagabiltza. Egia esan, zentzu horretan, nahikoa aberasten ari da.
Harria jasotzen gustura, baina eskubaloiaren falta sentitzen al duzu?
Bai. Orain harria jasotzen nabil, baina beti izan naiz mugitu beharra duen pertsona. Horregatik animatu naiz, adibidez, Binakako Euskal Pentatloian parte hartzera, ekainean. Harriarekin gustura egon arren, zerbait gehiago behar dudalako. Eta sentitzen dut eskubaloiaren hutsunea, noski: defendatzea, eraso egitea, kontaktua... Baita talde giroa ere: denok batera irabazten dugu, denok batera galtzen, hirugarren zatia, entrenamenduak, bidaiak... Dena, dena.
ETBn, Naufragoa lehenik, El conquistador del Caribe ondoren. Karibeari gustua hartu diozu?
Naufragoak-i gehiago, Conquis-en zomorroak izugarriak zirelako. Oraindik orbain piloa daukat, azkura jasanezina izanik, hazka eta hazka odoletan hasi arte egiteagatik. Hala ere, esperientzia paregabea da, beste hamar mila aldiz berdin-berdin errepikatuko nuke.
Kantxa, plaza ala kamera aurrekoa. Zein zailagoa?
Zailagoa telebista, gaztelaniaz egiteko garaian. Naufragoak euskaraz egiten nuen, eta askoz dinamikoago ateratzen zitzaidan. Baina gaztelaniaz mintzatzea asko kostatzen zait, eta segurtasunik eza nabari dut.
Realityak barrutik ezagutu dituzu, eta lanean errealitatea bizi duzu. Batean errealitate eraikiak, bestean errealitate gogorrak. Kontraste handia.
Jakina. Oinak beti lurrean izan ditudala uste dut; azkenean, bizitzak ematen dizkizun kolpeek zerbait erakusten dizute, zeure bidea egitera bultzatzen zaituzte. Nire bidea nahiko zuzena izan dela iruditzen zait, are gehiago zein lan dudan ikusita. Gure ama gurpil aulki batean dago, eta etxean edukita sentsibilitate hori dezente handitu zitzaidala pentsatzen dut: berez, zientzia adarretik banindoan ere, azken unean arlo sozialean lan egin nahi nuela erabaki nuen. Arazo asko duen jendearekin jantzi, ikasi eta konturatu ikusten ditugun bizitza ideal horiek ez direla benetakoak, gehiengoaren errealitatea askoz gordinagoa dela. Egunero ikusten ditut nire lanbidean egoera oso gogorrak, baina gustura egiten dut lan.
DIDA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Musikak.
Eta tristatu? Eguraldiak.
Zerk eragiten dizu barrea? “Bibra” onak.
Eta negarra? Edozerk. Hunkitzen nauen zerbaitek, eta gauza askok hunkitzen naute.
Zerk haserrearazten zaitu? Geldotasunak.
Zerk harritzen zaitu? Jende erresilienteak. Harritu baino, miretsi egiten ditut halako pertsonak, baina nekez topatzen direnez, aurkitzean harritu egiten naute.
Bizio bat: Kirola.
Plazer txiki bat: Nire txakurra.
Sekulako plazer bat: Maite dudan jendea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Eskubaloi jokalaririk onena.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Polizia.
Kirol bat: Eskubaloia.
Kirolari bat: Cristina Neagu eskubaloi jokalaria.
Kantxa ala plaza? Kantxa.
Harria: kubikoa, koadroa, biribila ala zilindroa? Kubikoa.