“Korrikak indarberrituta sentiarazten gaitu”
Jon Zabala
Gizarte psikologoa
EHUko Gizarte Psikologia CCE ikertaldeko kide da Zabala (Lekeitio, 1990). Korrika ikertzen ari da bere doktoretza lanean. Korrikan parte hartzeak ondorio psikologiko positiboak dituela ondorioztatu dute ikertaldean, eta kolektiboki ahalduntzen gaituela. Horretarako, Émile Durkheim soziologoaren (Épinal, Frantzia 1858 – Paris, Frantzia 1917) teoria bat egiaztatu dute. Doktoretzaren azken txanpan, ikerketan jarraitzeko ilusioa du: “Ahal bada, horretan jarraituko dut”. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.
Ikerketa kale hizkerara ekarrita, esan dezakegu Korrikan parte hartzeak ongizate txutea eragiten digula?
Bai, pisuzko zantzuak aurkitu ditugu hori baieztatzeko. Korrikak, nolabait, txute hori sortzen digu, indarberrituta sentiarazten gaitu, bai maila kolektiboan bai maila indibidualean.
Nolakoa da txutea?
Korrika bizi izan duen edonork badaki emozio eztanda handia dela. Alaitasuna sentitzen da, zirrara, hunkidura... Horrek ni-a hedatzen du, indartsuago edo sentitzen gara, eraberrituago, energia handiz, nolabait esatearren.
Ahalduntzen gaituela diozue ikerketan, eta integratuago sentitzen garela.
Hori da. Sakonagoak dira Korrikaren eraginak. Hau da, ez da soilik emozioen txutea, baizik eta emozio horiek partekatuak direla sentitzen dugula. Bateratasun emozionala sentitzeak kidetasun sentimendura edo integratuago sentitzera eramaten gaitu, eta, aldi berean, boteretsuago sentitzera maila kolektiboan.
Durkheimen teoria bat egiaztatu duzue. Zer zioen hark?
Gizarte jakinek tarteka ospatzen dituzten erritu kolektiboak funtsezkoak direla gizarte horren kohesiorako eta kideen osasun psikologikorako. Berak bere garaian ikertutako gizarte modernoetako depresio eta suizidio tasa altuak kohesio edo kidetasun falta horri zegozkiola ondorioztatu zuen. Hau da, lanaren dibertsifikazioaren ondorioz, gizarte homogeneoa izatetik oso heterogeneoa izatera igaro ginen, balio eta sinesmen oso irmoak zituenetik oso likidoak dituenera. Durkheimen ustez, erritu kolektibo horiek ospatzeak gure taldean finkatzen gaitu, nolabait: gure taldearekin partekatzen ditugun balio eta sinesmenak indarberritzen ditugu, eta, horrela, gizabanakoa bere bizitza indibidualera eraberriturik itzultzen da. Soziologoaren esanetan, badago hori gertatzeko funtsezko elementu bat erritu kolektiboetan: eferbeszentzia kolektiboa.
Eta zer da hori?
Erritu kolektiboko parte hartzaileen artean atzeraelikadura emozionala sortzen da eta, horren bidez, bateratasun emozionala; bada, horixe da. Bateratasun horrek azaltzen ditu erritu kolektiboetan parte hartzearen ondorio psikologiko positiboak.
Nolatan erabaki zenuen Korrika aztertzea?
Nola ez? Korrika da Euskal Herriko erritu kolektiborik masiboena, hunkigarrienetakoa, baita gure kulturaren zutabeetako bat ere. Beraz, nola ez ikertu?
Korrikak bezala, zein beste ekitaldik sor dezakete halako efektua?
Ez nuke jakingo esaten Korrikaren parekoa zein izan daitekeen. Donostiako danborrada ikertu izan da Durkheimen ikuspuntutik, eta antzeko eraginak ikusi dira. Futbol partidak, Gure Eskuren giza katea...
Gizakia zenbat eta sozialago, are eta onuragarriago berarentzat?
Baietz uste dut. Azken batean, ongizate sozialari dagokionez, pertsona batek zenbat eta gehiago antzeman gainerako pertsonak onak direla, edo gainerako pertsonen ontasunean zenbat eta gehiago sinetsi, ongizate hobea erakusten du. Sozialagoa izateak ere zer esan nahi du? Segur aski, onartuago sentitzea bai bere burua bai besteak. Horrek jokaera prosozialak areagotzen ditu. Hortaz, zalantzarik gabe, bai. Ez dut uste isolamenduak inolako onurarik dakarrenik.
Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Auzokideekin solastatzeak.
Eta tristatu? Eguna aprobetxatu ez izanak.
Zerk eragiten dizu barrea? Tontakeriek.
Eta negarra? Gauza askok.
Zerk haserrearazten zaitu? Desordenak. Edo trafikoak.
Bizio bat? Pizza.
Plazer txiki bat? Goizetan irratia piztea.
Sekulako plazer bat? Liburu on bat edo bazkari eder bat.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Ikertzailea.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Erabateko begetarianoa.
Sare sozialik erabiltzen al duzu? Bai, Instagram.
Korrikan, lekukoa eraman al duzu inoiz? Bai. Gainera, patua izan zela iruditzen zait: 2019an ikertu nuen Korrika, eta orduan eraman nuen lehen aldiz. Zozketa egin genuen lagunen artean eta niri tokatu zitzaidan.
Korrika ez den beste erritu kolektibo bat? Herriko festak.