493labandibar

Goiatz Labandibar

heltzear web

Artikutza Iberiar penintsula osoan euri gehien egiten duen bi puntu geografikoetako bat da. Handik oso hurbil hazi naiz ni, euripean. Artikutza, batetik, eta Aiako Harriak, bestetik, dira bizi naizen bailararen1 bi aldeak. Aiako Harriek beti egin izan dute lainoak Oiartzun aldean geratzeko murru-lana. Hantxe husten dituzte barrenak; hala, Aiako Harrien beste aldean, Lesakan eta Irunen, euri-tantarik ez. Ezagutzen dut jendea Hendaiako eta Hondarribiko ausazko2 etxeetara deitzen zuena udan zer eguraldi zegoen galdetzeko, gu euripean geunden arren hondartzara joan ala ez erabakitzeko.
Ziurrenik, horregatik guztiagatik maite ditut hainbeste eguzkia eta ateria3.
Garai batean, haur bati Euri izena jartzea hura tristurarako prestatzea zela iruditzen zitzaidan. Orain, aldiz, izen itxaropentsuaren kutsua hartzen ari da.
Baina, hara zer diren gauzak: joan den uda lehor luzearen ondoren, ni ere lainoak negarrez noiz hasiko zain-zain egon naiz. Eta trumoiak eta tximistak lehertu direnean, pozak hartu nau.
Nork esango zidan euria zarra-zarra4 erortzen ari deneko soinua entzun, eta balkoira aterako nintzela, liluratuta, historiaurreko gizaki bat banintz bezala, zerutik jausten ari den mana horri begiratzeko, ahozabalik eta begiak diz-diz.
Erdi txantxetan, erdi serio, alaba txikiari galdetu nion ea gogoratzen ote zuen euria zer den, hainbeste denboraz ateri egin ondoren. Hark harrituta begiratu ninduen, noski. Eta baietz esan zidan, gogoratzen zela euriaz, eta ez zaizkiola tximistak eta trumoiak gusta­tzen.
Erlijioan fedea galdu zuten gurasoen seme-alaben belaunaldikoa naiz, eta ez ziguten errezatzen irakatsi. Edo pilotu automatikoa jarrita erakutsi ziguten, jaunartzeak oparien truke egiteko. Baina euri-egunak egutegian ixaz markatuko ditugun garaiak ez daude hain urruti. Ezta zeruari erreguka hastea eta euria egitea ospatzea eragingo digutenak ere... 

1. Bailara: zona (es), zone (fr).
2. Ausazko: aleatorio, -a (es), aléatoire (fr).
3. Ateri: euririk eza.
4. Zarra-zarra: torrencialmente (es), torrentiellement (fr).


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.