Sardinzarrak eta txuletak

Goiatz Labandibar

Ni haurra nintzenean, oso ohikoa izaten zen umeei novio-rik ba ote zuten galdetzea. Umeok bi gauza genekizkien novio-ei buruz: bata, neska bat eta mutil bat izaten zirela novio-ak, beti; bestea, elkarri muxu ematen ziotela.
Ez dakit zenbat aldatu diren garaiak, baina oxala aldatu izana! Gustatuko litzaidake pentsatzea orain ez zaizkiela halako ergelkeriak1 galdetzen haurrei -gauza ederra da isilik egoten jakitea ere!-.
Nik ere banuen novio-a txikia nintzenean. Tarteka, umetatik lagunak garenok barre egiten dugu gure haurtzaroko novio-ak zein izan ziren gogoratzean. Pentsatzen jartzen gara nolakoak diren gaur egun; nor izango genukeen aldamenean, ume haiek bagina oraindik; ongi moldatzen ginelako novio esaten genien mutiko haiek nola hazi diren. Eta gaitz erdi2: nirea zena, behintzat, mutil jatorra da gaur egun -kontrako ariketa ez dugu egiten, gu aski jator hazi garelako ; ) -.
Ziur ezagutuko dituzuela umetatik edo, behintzat, oso gaztetxotatik bikotekide direnak. Nik beti pentsatu izan ditut bi gauza bikote horiei buruz. Batetik, zer-nolako zortea izan behar duen lehenengotik norberaren neurriko zapata harrapatzeak3. Bestetik, ez al dira aspertu elkarrekin hainbeste urteren ondoren?
Begien bistakoa da: bikotekidea ongi ezagutu gabe, ez dago etorkizunik. Baina neurri berean da egia hasieratik ondoegi ezagutzeak ez duela xarmarik. Horrexegatik du grazia norbait zerotik ezagutzen hasteak, dena delako deskubrimendua. Edo nire egungo bikotekideak -umetan ezagutzen ez nuenak- dioen moduan: kanpoko sardinzarra4 hobe etxeko txuleta baino.
Aurreko batean aritu nintzen honi guztiari buruz pentsatzen, eta ondorio honetara iritsi nintzen: ez dago erromantizismoa edo maitasuna izendatzen dugun hori baino gauza kontraesankorragorik⁵.
1. Ergelkeria: estupidez (es), sottise (fr).
2. Gaitz erdi: menos mal (es), heureusement (fr).
3. Nork bere neurriko zapata harrapatu: norberarentzako pertsona egokia aurkitu.
4. Sardinzar: arenque (es), hareng (fr).
5. Kontraesankor: contradictorio, -a (es), contradictoire (fr).
