Delirium Tremens taldearen hordagoa
Bueltan da banda mutrikuarra, 30 urteren ostean. Estudioko hirugarren diskoak (Hordago, Mauka) zortzi abesti berri dakartza. Berriak bai, baina erabat identifikagarriak; izan ere, 80ko hamarkadako rockari eusteaz gain, Andoni Basterretxearen ahotsak orduan bezain bereizgarria izaten jarraitzen du. Bigarren etapa honek 2019an Iñigo Muguruza taldekideari egindako agur omenaldian du sorburua, oraingoan Haritz Harreguyrekin. Diskoa haren estudioan eta gidaritzapean grabatu dute, hark ekoitzi du, eta taldekide bihurtu da (gitarra). Gainera, 80ko hamarkadan bezala jarraitzen dute Juantxo Yurritak (bateria) eta Patxi Irisarrik (baxua). Birari ere ekin diote: ekainaren 17an, Azkena Rocken izango dira. Hurrengo hilean, berriz, 1ean EH Zuzenean Festibalean eta 30ean Hatortxu Rocken.
EKINEZ jaialdia ospatuko da Bergaran ekainaren 10ean eta 11n. Ekinez Musika Elkarteak antolatuta, Euskal Herriko rock, punk eta oi! eszenako 15 talde baino gehiago batuko dira Agorrosin futbol zelaian. Besteak beste, Johhny Gerriwelt, Rotten XIII, Brigade Loco, Kaleko Urdangak, Unidad Alavesa, Iheskide, Labana eta Neallta Fola. Jaialdiaren helburua da “egungo Euskal Herriko musika eszena alternatiboari dagokion lekua ematea eta Bergarako herritarrei musika hauek gerturatzea”.
EKAITZA OSTEAN
Igor Arzuaga
Gaztelupeko Hotsak, 2021
Hitzik gabeko musika pieza melodikoekin osatu du Arzuagak bere azken diskoa. Musikariak “proiektu intimo” gisa definitu du lana, 13 abesti dakartzana, pandemian etxean sortutako konposizioak direlako. Pianoa baino ez du erabili horretarako, preseski instrumentu horretarako sortutako kantuak baitira; horregatik banatzen dira, diskoarekin batera, partiturak ere. Ander Tejerinaren laguntzaz grabatu du.
BASA
Sacco
Bidehuts, 2022
Talde irundarraren bigarren lana da. Zortzi urte joan dira Xabik, Borjak eta Anderrek lehen diskoa kaleratu zutenetik, baina orduko doinuei eta erritmoei eutsi diete bost kantuz osatutako argitalpen honetan. Oinarri izan omen dituzte, kantu batzuen hitzetan, Ngûgî wa Thiong'o, Joseba Sarrionandia eta Louise Michelen lanak. Bonberenea estudioan grabatu dute diskoa, Karlos Osinaga teknikariarekin.