Piztiak XXX lanarekin ari da ospatzen bere 30. urtemuga. Berez, iaz bete ziren hiru hamarkada taldea sortu zutela, baina pandemiak atzeratu egin zuen disko berriaren kaleratzea. Taldearen ibilbide osoa erakusteko, lan guztietatik hartutako 17 kantu aukeratu dituzte, eta bi berri gehitu: Begietara begiratu eta Barrun barrukuk. Txomin Uribe taldekideak dioenez, “oso pozik” geratu dira emaitzarekin. Kontzertu bira ere hasia dute. Hurrengoak Tolosako Bonberenean (apirilak 30) eta Azkoitiko Matadeixen (maiatzak 14) izango dira, eta datak lotzen dabiltza Azpeitian, Ondarroan eta beste hainbat lekutan jotzeko. Gogoz daude, eta “erronka” ere bada beraientzat, “lehenengo diskoko kantuak ez ditugulako 28 urtean jo”. Gainera, diskotik kanpo penaz utzitako kantuak abesteko ere probestuko dituzte kontzertuak.

ODOLAREN MINTZOA taldea bueltan da, Hauskor (autoekoizpena, 2022) izeneko diskoarekin. Izan ere, hauskortasunaren ideia kontzeptualean oinarritu dute lan berria: orain arte egindakoarekin hautsi baino, egindakoaren gainean ausartzeko jauzia. Laukote usurbildarrak, metal zein rock erritmoetatik abiatuta, pop doinuak ere jorratu ditu zortzi abestiko disko honetan, eta, taldearen erritmo eta zuzeneko leloak herentzian, berritasun musikal eta estetiko nabarmena proposatu dute.

KANTUA ZUEI
Oskarbi
Elkar, 2021

Banda historikoaren azken bi urteotan eratu da lan hau, presarik gabe: pieza gehienak Oskarbiren entsegu faktorian sortuta, gero taldeko kantu sortzaileek egindako melodia soilak talde lanean aberastu dituzte, ahots harmoniak eta musikak gehituz, 13 abesti osatu arte. Horietako lau Loinatz abesbatzarekin grabatu dituzte, tartean beren errepertorioko Esperantzari eta Mendira naiz.

LO ZENA
Bi Zaldi
Balio Dute, 2021
Hamar kantu eta bost miniatura daude talde gipuzkoarrak kaleratu duen aurreneko diskoan. 2016 eta 2021 artean sortu, grabatu, landu eta nahasitako piezak biltzen ditu. Mimoz eta patxadaz ondutako musika da, entzuleen bihotzeraino iritsi nahi duen proposamena. Gartxot Unsain Letona (ahotsa), Beñat Antxustegi Goikoetxeta (gitarra eta ahotsa) eta Eneko Sierra Lataillade (saxoa eta ahotsa) dira Bi Zaldi.

 

 

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.