Andrea Bartolo
Messina, Sizilia, 1987
2011n etorri zen Bilbora eta iritsi bezain pronto hasi zen euskara ikasten, “atxikimendu emozional eta politikoagatik”. Erroman Zientzia Politikoak ikasia, Euskal Herriko hainbat herri mugimendutan dabil. Aurtengo ikasturtean, AEKn hasi da irakasle, Enkarterrin: “Oso esperientzia motibagarria da”. Eñaut Mitxelena.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Siziliakoa naiz, kolonialismoak hizkuntza, kultura, tradizioak... suntsitu dituen herri zapaldukoa. Beraz, hortik datorkit atxikimendu emozionala, badakidalako gerra kulturala pairatzea zer den. Horrez gain, Euskal Herriko historia eta borroka miresten ditudalako. Borrokaren bitartez bere historia, kultura eta hizkuntza bizirik irautea lortu duen herri zapaldua da Euskal Herria.
Nolako prozesua izan duzu?
Luzea, baina polita. Hasieran, gorabeheratsua, baina beti polita eta aberasgarria. Uribarriko gau eskolan hasi nintzen. Ondoren, AEKn ikasi nuen, Lizardin. AEKren lana sekulakoa da. Ez dizute soilik hizkuntza transmititzen, ikuspegi orokorragoa baizik: kultura, mundu ikuskera... Oso garrantzitsua da. Ikasketa prozesua, batez ere Euskal Herrian, ikastaroak egitea baino gehiago da. Nik nire kabuz ikasi nuen, baina baita kalean ere. Betidanik izan dut ingurune euskalduna, eta horrek pilo bat lagundu dit. Euskara ikasteak inplikazio gehiago ditu, euskara jakiteak ate ugari irekitzen dizkizulako euskal komunitatearen parte izateko: eremu euskaldunak, herri mugimendua...
Zer izan da errazena zuretzat?
Euskara ikastea benetan errazten dizuna euskaldunon giroa da; maila sozialean, ikasten ari denarekiko jarrera. Ingurune sozialaren zeregina ikasketa prozesuan oso-oso garrantzitsua da. Euskal Herrian, nabaria da. Oro har, euskaldunek pila bat eskertzen dute atzerritarrek euskara ikastea. Jarrera ona izan ohi dute, laguntza eskaintzen dute... Esan genezake Euskal Herrian euskara ikastea inoiz ez dela prozesu indibiduala, baizik eta soziala, erlazionala.
Erabiltzen al duzu?
Egunero. Oro har euskaraz bizi naiz: lanean, bikotekidearekin, lagunekin... Bilbon ezin dela euskaraz bizi esaten da sarritan, baina ez da egia. Igual beste eremu batzuetan baino zailagoa da, baina bizi euskaraz bizi daiteke.
Trikimailuren bat?
Jarrera kontua da, apur bat. Euskara ikasteko eta euskaraz bizitzeko, garrantzitsua da lotsa galtzea eta jendearekin hitz egitea, euskaraz aritzea... Azken finean, akatsak egiteko beldurrik ez izatea. Umetan, eroriz ikasten dugu oinez. Bada, euskararekin jarrera bera izan behar dugu. Eta ingurune soziala aprobetxatu. Euskaldunek herri kontzientzia dute, laguntzeko prest daude beti. Inork ez zaitu epaituko euskara txarto erabiltzen duzulako; euskara ez erabiltzea baloratzen da txarto hemen. Beraz, gogoratu euskara txar bakarra erabiltzen ez dena dela.