Mikel Argiñarena Michelini
Montevideo, Uruguai, 1987
AEKko irakaslea da Argiñarena. C1 maila gainditu ostean, euskara irakastea proposatu zioten Baionako gau eskolan, eta bertan ematen ditu eskolak, baita Angelun ere. Familia euskalduna izanik, txikitatik ikasi nahi izan zuen euskara, eta halaxe egin zuen Montevideon, lehenik, eta Euskal Herrian, ondoren. Eñaut Mitxelena.
Nolatan iritsi zinen euskarara?
Aitona-amonak nafarrak ziren. Amonak ez zekien euskaraz, aitonak bai, baina Uruguain euskara hitz egiteari utzi zion eta ez zen transmititua izan. Zortzi urte nituelarik, aitona hil egin zen; beraz, ez genuen askorik partekatu, nahiz eta beti izan dugun oso presente euskalduna zela.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Erakargarria zen, nolabait gure nortasuna elikatzen zuelako. Etxekoa bazen ere, ez genuen jaso. Bagenekien euskaldunak ere baginela, hortaz, nortasun osoa ukan nahi genuen. Euskal Herrira etorri nintzenean, beharrezkoa nuen, lagunak ukaiteko eta maite nuelako. Era berean, nortasunen itsaso honetan zati bat falta zitzaidalako. Mundukoak gara, baina niretzat euskara mundu berezi bat da, nire nortasuna elikatzen duen zerbait polita.
Nolako prozesua izan duzu?
Hamasei urterekin, anaia eta biok Montevideoko euskal etxean hasi ginen euskara ikasten. Hemeretzi urterekin, Bartzelonara joan, eta hizkuntz eskola batean eman nuen izena. Betidanik nahi izan nuenez Euskal Herrian bizi, Bilbora joan nintzen ikasketak egitera. Han, hizkuntz eskolan hasi nintzen, baina ez zitzaidan batere gustatu, giroa ez zelako ona, eta utzi egin nuen. Kalean, lagunak egin nituen: lekeitiarrak, ondarroarrak... Bost urtez bizi izan nintzen Bizkaian eta erabat murgildu nintzen bizkaieran. Gero, Uruguaira itzuli nintzen, baina nire mutil laguna Baionakoa denez, hona etortzea erabaki zuen eta nik jarraitu egin nion. Hasieran, pixka bat galdua neukan nire euskara, eta AEKn izena eman nuen. Bi ikastaldi egin nituen, gero Baionako ikastaro batean eman nuen izena eta orain irakasten dudan lekuan ikaslea izan nintzen.
Erabiltzen duzu?
Irakasle lanean, egunero. Ikasgelatik at, hemen Baionan frantsesa da hizkuntza nagusia, maluruski. Alta, badira lekuak, bada komunitate ttipi bat, lagunak baditut... Beraz, bai, ikastaroetatik at ere erabiltzen dut egunero.
Trikimailuren bat?
Ikasleei erranen nieke konfiantza ukaitea, lorgarria delako, denok egiten ditugu akatsak. Aitzinatzen zarela ikusten duzularik... poz handienetakoa da hori. Bestalde, ikastaroetatik at eguneroko ohiturak aldatzea aholkatuko nieke, euskararekin erosoago izan daitezen. Garrantzitsua da gune euskaldunetara joatea lagunak egitera, baita euskarazko edukiak kontsumitzea ere. Alde horretatik, euskara biziki aberatsa da, Interneten gustu guztietarako edukiak baitira.