Justin Andrew Green
(Eugene, Oregon, AEB, 1990)
Inguruan euskararekin zerikusirik duen deus izan ez arren, ederki molda-tzen da euskaraz Green, Corvallisen (Oregon) bizi den estatubatuarra. Bere kabuz ikasi izan du, eta azken urteotan AEKren e-uskaltegian dabil. Azkenaldian “bi bidetan nabil”: ikasten eta hasiberri batzuei euskara irakasten.
Nolatan iritsi zinen euskarara?
Duela 11 urte inguru hasi nintzen euskara ikasten. Nik dakidala, familian ez daukat euskal sustrairik. Gehienbat, nire kabuz ikasi nuen. Lehenik, testuliburuekin eta zenbait webguneren bidez hasi nintzen. Bost urte neramatzan ikasten Euskal Herrira joan nintzen lehen aldian, baina bidaia egin eta gero lagun euskaldunak egin nituen online, eta, haien laguntzaz, nire mintzamena hobetu nuen.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Garai batean, Espainiarekiko interes txikia neukan, eta, aldi berean, hizkuntzalaritzarekiko interesa; ez oso handia, baina interesa. Garai hartan, hizkuntza ez indoeuropar bat ikasi nahi nuen. Horixe da lotura, lotura txikia: Espainia eta hizkuntza ez indoeuroparra, zerbait exotikoa ikastea. Hala, euskara ikastea erabaki nuen. Zergatik jarraitu nuen ikasten? Zehazki ez dakit zergatik, erronkagatik, beharbada. Beste hizkuntza batzuk ere ikasi nituen, baina ez oso sakonki, eta erabaki nuen arreta beste hizkuntza batean jartzea eta nahiko ongi ikastea. Orain, ederki sentitzen naiz lagun euskaldunak egiten.
Nolako prozesua izan duzu?
Lehenengo bost urtean, nire kabuz ikasi nuen; ondoren, lagunekin. Azken bi urteotan, soilik e-uskaltegian ibiltzen saiatu naiz. Hasieran, ingelesezko testuliburu bat erosi nuen; oso lodia eta sakona da, gramatika kontuak-eta dakartzana. Lagungarria izan zen, baina, nire ustez, hobeto ikasten dut jendearekin hitz eginez.
Zer izan da zailena zuretzat?
Oro har, gramatika, baita hiztegia ere: hitzen esanahia barneratzea, aditzak ongi gogoratzea... Nik ez nuen ikasteko ohitura onik (agian, horregatik behar izan ditut 10 urte ikasteko), eta behin eta berriro bilatu behar izaten nituen hitz asko. Halere, urteen poderioz, azkenean berba asko barneratu ditut. Baina bai, hiztegia eta gramatika. Tira, gramatika gustatzen zait, beraz, hiztegia izan da zailena.
Eta errazena?
Ez dakit... Ahoskatzea eta ortografia.
Erabiltzen al duzu?
Bai, astean bizpahiru aldiz hitz egiten dut euskaraz. Mintzalagun bat daukat, Mintzaneten bidez ezagutua, eta ia igandero egiten dugu hitzordua, gustura! Urtebete daramagu elkartzen. E-uskaltegian ere mintzapraktika egiten dut, eta asko gustatzen zait, oso lagungarria da niretzat hitz jarioa lantzeko. Bestalde, astelehenero, Boiseko Euskal Museoan antolatzen duten hizketa talde batean ere parte hartzen dut. Azkenean, asko hitz egiten dut euskaraz. Zerbait lortu dut!
Gustuko hitza edo esamoldea:
Asko dauzkat, baina lehenengo aipatzen dudana harremana da. Gustatzen zait nola dagoen osatua. Oso hitz ona da, oso polita, ederra, oso adierazgarria.
Euskara ikasten ari direnentzako trikimailuren bat?
Hitz egin euskaraz zure buruari egunero. Hori gomendatzea gustuko dut. Lagungarria izan daiteke, benetan.